Faktoria
Pilar Kaltzada
"Buru-jabe"
Txilen konstituzioa berritzeko eta “neuro-eskubideak” arautzeko ezarriko duten prozedura izan du hizpide Pilar Kaltzadak 'Sinadura'n.
-
Pilar Kaltzada
2:39 min
Pilar Kaltzadaren 'Sinadura', "Faktoria"n.
"Nire erlojuak odolaren oxigeno-maila irakurtzen du egunean bi aldiz eta iluntzean bere diagnostikoa bidaltzen du. Sakelakoak bi orduz behin ura edan behar dudala gogorarazten dit. Goizetan, gaueko loa mugitua edo lasaia, nahikoa edo eskasa izan ote den adierazten duen grafikoa jasotzen dut posta elektronikoan, eta harrigarria da zein zehatz adierazten duen hori guztia, amesgaiztoak barne.
Medikuari deitzen diot ondoezik nagoenean, baina laster medikua bera izango da niri hots egingo didana datu horiek guztiak eta imajinatu ezin ditudan beste batzuk jasoko dituelako, aztertu eta esango dit “zatoz, nire datuen arabera, ondoezik zaudelako”.
Eraginkorra izan daiteke, noski, baina kezka sortzen dit ez jakiteak nork dakien nire buruaz nik baino askoz gehiago. Eta zertarako baliatuko duen informazio hori guztia.
Txilen prozesu konstituzio-egilea abiatu dute berriki eta ongi bidean, konstituzio berria izango dute aurki. Bertan “neuro-eskubideak” arautzeko prozedura ezarriko dute: munduan lehen herria izango da munduan adimen artifizialak gure eskubideen gainean duen eraginez erabakia hartu eta norabidea finkatuko duena.
Garai historiko bakoitzari dagokio eskubideen bidean bidegurutze propio bat. Industria Iraultzan lan- eta gizarte-eskubideak borrokatu egin behar izan zituzten gure aurrekoek. Borroka sozialak garapenaren norabidea ezarri behar du, gehiegikeriak zuzenduz eta identifikatuz.
Gure garai honi intimitatearen aldeko borroka dagokio, egunero eta ia ohartu gabe zabaltzen dugun informazioaren isurian marrazoak sar ez daitezen.
Txileko konstituzio berriaren behin-behineko testuan, adibidez, ondokoa irakur daiteke:
“Herritar guztiek dute beren sentimenduak, pentsamenduak eta prozesu neurobiologikoak babesteko, manipulatua ez izateko eta burujabe izateko oinarrizko eskubidea”.
Euskara ekarrita, zein ederra den “burujabe” hitz-jokoa. Eta zein zaila".