Itxi

Faktoria

Itxaro Borda

"Begi luzeak"

"Euskaldun bakoitzaren baitan voyeur barkaezin bat dagoela ezin uka". Ideia horretatik abiatu du Itxaro Bordak 'Sinadura'.

  • Itxaro Borda

    Itxaro Borda

    3:18 min
imagen player
imagen player
imagen player

Itxaro Bordaren 'Sinadura, "Faktoria"n.

"Ez dugu Euskal Herria aldatuko. Herri txikietan, plazako etxeetan, atsoak eta matsoak leihoetatik so ageri ziren, lehen. Ez genituen ikusten zehazki, baina erridauaren ikarak begi luzeak hor zeudela seinalatzen zigun. Kantu askotan egikera hori aipatzen da, sukaldeko leihotik begira egotea plazera delako, eta aldi berean, ikusia denarentzat, kalbarioa. Euskaldun bakoitzaren baitan voyeur barkaezin bat dagoela ezin uka. Hirian bizi denak ez du bestearen so zeharkariez beldurtzekorik. Normalean.

Ez nintzen gutxi harritu iragan larunbatean Baionako merkatuan lasaiki nenbilela, gasna eskuratu ondoan, menda belarra erosteko lerroan kokatzean, bistaz ezagutzen nuen gizon batek eskua sorbaldan pausatu zidanean: "Fronte Nazionalaren ideiak dituen laborari bati hartu diozu gasna." Gaizki ikasiarena egiteko tentazioa menperatu nuen. Jarraitu zuen : " Euskaraduna da, baina ideologia likitsekoa, kasu egin beharko zenuke...". Trotsky zenaren modako kapeluan zeraman iraultzailearen izar gorria begietsi nuen. Nitaz aski ahalke nintzen, gaizkia egiten harrapatu ume mukizu baten antzera.

Lekuko biren aitzinean harrapatu ninduen, ezagun hark, bere xederetan. Ausartu nintzen: "Baina gasna ona du!" eta berak segidan "Baiki gasna ona duela, baina guk kontsumitzaileek hautuak zorrotz egin behar ditugu, gasna saltzailea euskaraduna izan ala ez izan!". Urrundu zen bere jukutriaz harro. Hausnarrean galdu nintzen ni: nola da posible, XXI. mendean, duela ehun urte bezala, herritarrak zelatatzea, eta beraien kontradikzioetan, ideologikoki, bekatoros sentiaraztea?

Hau zen ene galdera, barnealdeko laborari bati sei arrautza ordaindu nizkionean. Behialako begi luzea hurbildu zitzaidan bigarren aldiz: "Hola bai, biba zu, hori ELBkoa da, zorionak, uste dut erran dizudana ongi konprenitu duzula..." Puntu on bat banuen bederen. Errebeldeen paradisua urrats batean neukan, gosta ahala gosta! Baina, azken hitza nire nahi nuen, eta oldartu nintzaion gozoki : "nirekin gaur egin duzunak erakusten du kontrola sozialaren indarra ez dela batere apaldu gure artean"... Gaizki utzi nuen, eta ni kontent.

Behin baino gehiagotan idatzi dut, bizidun paradoxalak garela, euskaldunak izan arren... bereziki gasna puska bat erosteko orduan".

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskadi Irratia