Faktoria
Hasier Arraiz
"Ibili"
Pandemaz hitz egiten hasi arren, aurrerantz begira jarri nahi izan du 'Sinadura'n Hasier Arraizek, "hobeak izan gaitezkeela pentsa dezakedan leku baterantz".
-
Haiser Arraiz
2:40 min
Hasier Arraizen 'Sinadura', "Faktoria"n.
"Pandemiak ez gaitu hobeak egin. Zergatik pandemia batek hobeak egin behar gintuen? Hobeak izateko pandemia baten zain egon behar dugu? Akaso hondamendi handiagorik eta ondorio larriagorik behar dugu? Ezin gaitezke bestela hobetu? Ba al dugu gizakiok hobetzerik?
Osasun krisi honek gure gizarte ereduaren jostura gehienak agerian utzi ditu. Halaxe nabarmendu genuen gehien-gehienok duela urtebete baino gehiago. Sistema ez dabilela esatea erraza da, baina gehienetan abstraktuegia ere bai. Ezer ez esatearen antzekoegia. Halere, duela urtebete baino gehiago ohartu omen ginen gure bizitzak ez zebiltzanaz guk nahi genukeen bezala. Ez omen ginen bizi merezi duenari behar duen garrantzia emanez.
Azkenaldian Juan Gabriel Vásquez idazle kolonbiarraren "Volver la vista atrás" eleberria irakurri dut. Liburuan, Sergio Cabrera zinema zuzendariaren bizitzaren pasarteak kontatzen ditu, Cabreraren omenez, Bartzelonan antolatu duten bere filmen erakustaldi baten karira. Zinema munduan halako erakustaldiei ere "atzerabegirazkoa" izena ematen zaie. Europan, Sergio Cabrera ospetsu egin zuen "La estrategia del caracol" filmak. Eleberriak kontatutako guztia egiazkoa da, jolas literario baten bidez fikzioa egiaren mesedetan jarriz.
Hala, biak Bartzelonan egonda, Cabrerak bere semeari kontatzen dio Maoren Txinan ala Kolonbiako ELP gerrilla maoistan bizi izandakoaz gain, nola bere aitak harremana hautsi zuen berarekin arrazoi ideologikoengatik.
Agian ez dugu hurrengo hondamendiaren zain egon behar gure bizitzetan gustuko ez duguna aldatzen saiatzeko. Agian ez dugu beste pandemia bat behar gehienok gaizki bizi izatera behartzen gaituen sistema benetan aldatzen saiatzeko. Agian gure aitarekin edo gure semearekin daukagun harremana aldatzen has gaitezke, biharko utzi gabe. Agian gauza batzuei benetan garrantzirik ematea da beste batzuei kentzen hastea. Dena aldatzen hasteko modu bakarra baita norberaren lehentasunak aldatzea.
Nik, ordea, ez dut gaur atzera begiratu nahi. Aurrera begira ibili nahi dut, ibili eta ibili, nekatu arte, hobeak izan gaitezkeela pentsa dezakedan leku baterantz".