Faktoria
KIROL EDUKIERAK MUGATUTA
Jon Redondo: "Gure kezka futbol-zelai barruan baino gehiago da kanpoan zer egiten dugun zale bakoitzak"
Xiker Esnal | EITb Media
Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendariak adierazi duenez, kirol edukierekin "datozen asteetan, agian pixka bat malguxeagoak" izan daitezke pandemiaren maldak beherantz jarraitzen badu. Berretsi du %20ko edukierarekin hasiko dela Liga, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako futbol-zelaietan.
-
Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendariari elkarrizketa Euskadi Irratiko Faktorian.
16:29 min
Kirol instalazio handietako edukiera datozen asteeetan igotzeko aukera zabalik utzi du Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendariak, Euskadi Irratiko "Faktoria"n egindako elkarrizketan. Redondoren esanetan, jaisten ari den "pandemiaren eboluzioa mantentzen bada datozen asteetan, agian pixka bat malguxeagoak" izan daitezke. Eusko Jaurlaritzako agintariak adierazi du, euren kezka, batez ere, futbol-zelaien kanpoan gertatzen dena dela, klubek badituztelako baliabideak barruan gertatzen dena kontrolatzeko. "Gure kezka, futbol-zelai barruan baino, gehiago da kanpoan zer jardun egiten dugun zaletu bakoitzak", esan du Redondok, garraiobideak eta ostalaritza aipatuz.
Horrez gain, UEFAk eta FIFAk Euskadiko Futbol Federazioaren ofizialtasunari emandako ezezkoaz, Redondok "balorazio positiboa" egin du, ez baitzuen espero erantzungo zutenik ere. Redondoren arabera, "pauso bat da" UEFAk eta FIFAk erantzuna eman izana Euskal Futbol Federazioak egindako ofizialtasunaren aldeko eskaerari. Jaurlaritzako Kirol zuzendariak azaldu du, hil honetan aztertuko dutela juridikoki futboleko nazioarteko bi erakunde nagusiek emandako erantzuna, aurrera egiteko biderik ba ote dagoen jakiteko.
Azkenik, Tokioko Olinpiar Jokoetan euskal kirolariek lortutako emaitzekin "oso pozik" da Redondo. Goraipatu du oso zaila dela horrelako ekitaldi batean lehiatzea eta domina lortzea. Era berean, eta hainbat kirolarik euren buru osasunari buruz egindako aitorpenen ondotik, kirolariek jasaten duten presioaren inguruko hausnarketa egitea "beharrezko" jo du Eusko Jaurlaritzako agintariak. "Txalo egiten diegu irabaztean, baina gero ibilbidea amaitzean badago gizarte bezala zor bat kirolari horiekiko", azpimarratu du Redondok.