Faktoria
Kultur sektorea pandemian
"Kultura segurua da. Egun ditugun neurriekin jarduera ez da jasangarria"
Izaro Insausti | EITB Media
Pandemia gelditzeko hartutako neurriek gogor kolpatu dute kultur sektorea. Edukiera eta ordutegi murrizketek ekitaldi asko atzeratzea edo bertan behera uztea ekarri du, diru-sarrerak % 80 murriztuz. Zinema aretoek, indarrean dauden neurriekin, astero 150 mila euro galtzen dituzte.
-
Kultura sektorea egoera larrian dela azaldu dute 'Faktoria'n bertan diharduten langileek.
13:05 min
Pandemiari aurre egiteko indarrean dauden neurriekin kultura sektorea sufritzen ari da. Zinema aretoen kudeatzaile, musika ekitaldietako antolatzaile eta tekinariek mezu bera zabaldu dute Euskadi Irratiko 'Faktoria'n. Edukiera eta ordutegi murrizketak sektorea itotzen ari dira eta emandako diru laguntzak ez dira nahikoa. Zinema aretoen edukiera handitzeko beharra azpimarratu du Sarai Crespo Euskal Zinema Aretoen Elkarteko koordinatzaileak. Orain arte edukieraren erdiarekin moldatu badira ere, azken egokitzapenetan % 35era jaitsita, galerak handiak dira. Zinema aretoek astean 150 mila euro galtzen dituzte.
Zinema aretoek ez ezik, antzerki, musika jaialdi eta kontzertuek ere egoera berrira egokitzearekin galdu dute jarduna. Gorka Agirrek, Teknikariok sindikatuko bozeramaileak, hamar teknikarietatik bospaseik lanez aldatu behar izan duela kalkulatzen du. Izan ere, ekitaldiak bertan behera utzi edo formatu txikiagoetara egokituz, lana % 60-80 murriztu zaie.
Neurriak astez aste moldatzeko ohiturak kalte handia eragiten du Get In musika promotorako Amaia Ispizuak esan duenez. Sei hilabeteko aurreikuspenekin antolatzen dituzte ekitaldiak, sarreak aurrez eskuratzeko aukerarekin, eta kontzertuen erdiak atzeratuta % 80ko galerak izan dituzte. Jasotako diru laguntzak "ez dira nahikoa" Ispizuak ohartarazi duenez, eta Frantziako egoera beste bat izan bada ere, bertan banatutakoekin alderatuta gutxiegi dela jaso dutena dio. Udazkenean jarria dute itxaropena, baina ezjakintasuna dela nagusi azpimarratu du.