Faktoria
Begoña Garmendia, psikiatra
"Pandemiaren ondoren hiltzeko gogoz eta anorexiak jota artatu ditugun nerabeen larritasunak kezkatzen gaitu"
P.G.
Pandemiak nerabeen buru osasunean eragindako kalteak aztertu ditugu Begoña Garmendia, Gipuzkoako osasun mentaleko sarean haur eta gazteen kudeaketa klinikoko unitate arduradunarekin:"Ez diote zuzenean pandemiari egozten baina sintomak pandemian hasitako sintomak dira, asko itxialdiaren ondoren".
-
Begoña Garmendia: "Ez diote zuzenean pandemiari egozten baina pandemian hasi dira sintomak"
17:18 min
Bizkaian bezala Gipuzkoan ere gora egin dute nabarmen bere buruaz beste egiteko joera eta anorexia duten nerabeen kasu larriek. Basurtuko bi medikuk egin eta Gazteriaren euskal kontseiluak kaleratutako azterketaren ildo beretik, Gipuzkoan ere kasuen ugaritzeak baino gehiago, larritasunak kezkatzen ditu haur eta gazteen buru osasuneko Osakidetzako zerbitzuen arduradunak. Begoña Garmendia psikiatraren hitzetan, "hiltzeko idearekin eta bizitzeko gogorik ez zuten gazte pila bat iritsi zaizkigu, buelta emateko oso zailak diren kasuak, maiztasun handia behar dutenak kontsultetan. Ingresatzeko beharra zeukaten, baina ez zegoen ohe nahikorik, pentsatu ohi dugulako muturreko egoeratarako bakarrik direla".
Garmendiak azaldu duenez, gazte batzuk larritasunez eta angustiaz laguntza eskatzen dute, baina beste batzuk ezta hori ere: "Ez duela merezi bizitzen jarraitzea eta kitto, pakean uzteko eskatzen dute". Anorexia kasuetan, asko oso egoera txarrean heldu direla ere azaldu du, "lehen kontsultara iristen zirenerako ospitaleratzeko beharrean zeuden, normalean baino askoz lehenago, fisikoki arrisku handia zutelako".
"Ez diote zuzenean pandemiari egozten, baina pandemiaren ondoren iritsi da egoera hau, pandemian hasi dira sintomak", esan digu Ondarretako osasun zentroan lan egiten duen psikiatra honek, eta ez du zalantzarik albo pandemia sortu dela. Argi du gazteek ordu asko igaro dituztela pantailen aurrean, bai itxialdian baita gerora ere eskolak berreskuratu dituztenean eta azpimarratu du normalean "desfogatzeko" dituzten gauzak ez direla martxan egon, kirola, esate baterako. "Dena murriztuta izan dute, besteekin hartuemanik ez... Eta aldi berean, etxean itxita zeudenean, kirola egiteko esaten zitzaien".
Orain arte, kontsulta askoz gehiago eta premiazkoak eginda erantzun diote egoerari, baina baliabide gehiago eskatu ditu aurrerantzean lanean egoki jarraitu ahal izateko eta garrantzi berezia eman die aurrez aurreko saioei: "Umeekin tefonoz hitz egitea anekdotikoa da ia eta nerabeek beste gaitasuna baduten arren, zaila da gauzak hitzetan jartzea. Aurrez aurre beste gauza batzuk ikusten dituzu: keinuak, nola aurkezten den, nola dagoen, etab. "Tarteko estrukturak behar ditugu, egunero etorri eta jaso ahal izateko lekuak, guneak, astean bizpairu aldiz etorri ahal izateko eta behar dituzten orduak pasatzeko edo gaizki sentitzen diren bakoitzean etortzeko, euskarri gisa lan egiteko", azaldu du.