Itxi

Faktoria magazina

Irabazi arte

Sua Enparantza: "Antzerkian oso berria naiz. Dantza da betetzen eta lasaitzen nauena"

Ane Albisu | EiTb Media

Euskal Telebistako "Irabazi arte" telesail berrian Arene protagonista nagusia izango da 18 urteko aktore donostiarra. Estrenaldiaren atarian haren sentipenak eta pasioak ezagutzeko aukera izan dugu Faktoria saioan. Otsailaren 11n estrenatuko da telesaila eta orain aurre-estrenaldiak dituzte.

  • Sua Enparantza

    Sua Enparantza

    21:13 min
imagen player
imagen player
imagen player

Sua Enparantza Alustiza, 18 urteko donostiarrak dantza du bereziki pasioz bizi duena, hori delako betetzen duena eta lasaitasuna ematen diona. Kukai dantza taldean hasita dabil eta Oinkari taldea ere ez du erabat utzi.  Hala ere, batxiler artistikoa egiterakoan antzerkia probatzen hasi, Go!azen-eko kasting-etara aurkeztu, gero "Irabazi Arte" telesaileko kasting-ean parte hartu eta protagonistaren papera eman zioten. Batxilergoa bukatu, selektibitatea egin eta biharamunean hasi zituen grabaketak, batere oporrik gabe. Gogorra alde batetik, baina esperientzia bikaina izan zuela esan digu "ez naiz ezertaz damutzen".  Jose Ramon Soroiz eta Iker Galartza izan ditu alboan eta apaltasunez zenbat erakutsi dioten azpimarratu digu. Orain irrikitan, gogotsu eta urduri, azterketa baten aurrean bezala dago telesailaren estrenaldia badatorrelako, otsailaren 11n . "Antzerkian oso berria naiz, ez naiz hain seguru sentitzen" esan digu; "Dantza da betetzen eta lasaitzen nauena".

Musikaren munduan ere eman ditu urratsak anaia Janitz-en alboan eta Enpalus izeneko kontu bat sortu zuten Instagram-en euren sorkuntzak plazaratzeko. Horietako bat, Bidaian kantua entzuteko aukera izan dugu. Motxiladun haurrei eta euren aita Jon Enparantzari eskainia. Kantua egin eta espetxean bisita batean aitari kantatu ziotenekoa ere kontatu digu Sua Enparantzak.

Ezustean, Julene Aranburu "Irabazi arte" telesailaren sortzaile eta gidoigileak, ama Maider Alustizak eta Jon Maya Kukai taldeko arduradunak bidalitako mezuak jarri dizkiogu Suari entzuteko.