Faktoria
Yemengo gerra
Yemen: gerrarik ahaztuena
Zazpigarren urtea du Yemengo gerrak. Planetako herralderik pobreena Saudi Arabia eta Iranen arteko gatazkaren biktima da, desplazatuek ez dute nora jo eta Mendebaldeak Riadekiko harremanak larrialdi humanitarioaren gainetik hobetsi ditu. Mikel Reparazekin aztertu dugu Yemengo gerraren bilakaera.
-
Yemengo haurra, ramadan hilabetean
9:30 min
Gerrarik ahaztuena da Yemen. Zazpi urteko gatazkan 400.000 zibil hil dituzte, milioika lagun utzi dituzte aterperik gabe eta gosetea errotu egin da planetako herrialderik pobreenean. "Yemen ez da geoestrategikoki garrantzitsua Europa eta Estatu Batuentzat", azaldu du "Faktoria"-n Mikel Reparaz ETBko nazioarteko arloburuak, "eta Saudi Arabiarekiko harreman politiko eta komertzial estuak dituzte".
Udaberri arabiarrean jaio zen trantsizio-gobernuaren eta huti milizien arteko gatazkan, Saudi Arabiak nola esku hartu zuen azaldu digu kazetariak: "Saudi Arabiako Erregeak Yemenen erabilitako argudioak Putinek erabili ditu Ukrainan; alegia, Yemen arerioen base izan daitekeela". Gobernuaren alde lerratu da Riad eta hutien alde, berriz, Iran eta, harrezkero, bi potentzien arteko gerraren biktima bihurtu dira Yemengo zibilak.
Mendebaldeko potentziek Yemenen izandako joko bikoitza aztertu dugu Reparazekin: "Bake eskariak egin dituzte eta presio egin diote Saudi Arabiari, baina negozioak eta armen salmenta ez dituzte eten". Gatazkaren erdian, azkenik, biktimak: "Nazio Batuen Arabera ia 400.000 zibil hil dituzte, gehienak umeak, eta desplazatuek ez dute nora jo, Yemen blokeatuta baitago, Saudi Arabiaren, basamortuaren eta ozeanoaren artean".