Faktoria
Lehen sektorea
Mildiu onddoa kale handiak eragiten ari da mahastietan
Irulegi sor markako mahastizainentzat ez ohiko laguntzak eskatu dituzte. Uztaren erdia galdu duen Ximun Bergougnan mahastizaina izan dugu Euskadi Irratiko faktorian.
-
Zarauzko mahasti bat, iazko bilketan
10:27 min
Erdoil giroa, gorrin giroa, egun bat baino gehiagotan izan dugu uda honetan, bereziki Euskal Herriko ipar isurialdean. Egun lainotuak, epelak, eta tarteka xirimiri edo ekaitzekin, osagai egokiak dira mildiu onddoa zabal dadin.
Mildiua ezagun zaharra da mahastizainentzat baina aurtengoa azken urteetako udarik gogorrena izaten ari da. "Sekula ezagutu gabeko egoera" dela esan digu Ximun Bergougnan Baigorriko mahastizainak. Ekologikoan aritzen da Bergougnan, eta uztaren erdia galdutzat eman du, tratamentuen bidez ezin izan dute onddoa gelditu. Irulegi sor-markako kideen artean, arrangura handia da, iaz uda hasieran izozte batek eragin zuen kaltea, "horrela ezin dugu iraun" esan digu argi Bergougnan-ek.
Hego Euskal Herrian ere sumatu da onddoaren erasana. Egoera ez da Irulegi inguruan bezain kritikoa baina aurtengo uzta txikiagoa izango da Getaria edo Bakio jatorri izendapenetan. Bingen Mendizabal Gernikako Itsas Mendi txakolindegiko arduradun eta enologoak azaldu digu hostoari eta loreari eragiten diela onddoak.
Nafarroa eta Arabako mahastietara ere begiratu dugu, bertan, klima ezberdina lagun, egoera hobea da, baina udan ekaitzak eta tenperatura aldaketak izan dituzte, eta ondorioz hegoaldean ere mildiuaren agerpena aurreko urteetan baino handiagoa da, Ibon Ollo Irunberriko mahastizainak esan digunez.
Mildiuak mahastietan duen eraginaz gaur, Faktorian.