Itxi

Gertukoak

Gernika merkatu plaza

2018ko ekainerako goitik behera eraberrituko dute Gernikako merkatu plaza

Euskadi Irratia / Nerea Pikabea

Busturialdeko herritarrei sasoian sasoiko produktuak eskaintzen dizkieten 170 ekoizleen lana eta merkatua bera, balioan jarri nahi ditu Gernikako Udalak.

  • 4:18 min
imagen player
imagen player
imagen player

Euskal Herriko hainbat herritako azokak jendez husten ari dira. Merkataritza gune handietara jotzen dute askok eta horrek, zaildu egiten du ekoizle txikien lana. Gernikan, astelehenero, 170 baserritar biltzen dira, euren ortuetako produkturik onenak eskaintzeko. Salmentak ordea, beherantz dihoaz eta horrek kezka eragiten du. Salmenta eredu berrien aldeko hautua egin dutenak edo egitekotan direnak ere badira, astero, otzarak etxeetan banatzea aukera gisa ikusten dutenak.

Betidanik herriari estuki lotua egon den azoka da Gernikakoa, eskualde osoari zerbitzua eskaintzen diona. Egoera honen aurrean, Gernikako Udalak merkatu plaza balioan jartzea erabaki du. Bezeroentzako espazio erakargarriagoa eta ekoizleentzako erosoagoa lortu nahi du. Goitik behera zaharberrituko du hortaz, azoka. Plaza guztia beiraz itxiko dute, Domingo Alegria kaleko sarbidea berritu egingo dute eta gainera, kanpoaldeko lurzorua eta komunak txukunduko dituzte. Lan horiei esker, irisgarritsaun arazoak konpontzeaz gain, merkatu plazan tenperatura egokia izatea lortuko dute. Aurreikuspenen arabera, lanak 2018ko ekainerako bukatuta egongo dira.

Merkatu plaza zaharberrituta, Busturialde osoko bezero berriak erakarri nahi dituzte, tartean, bezero gazteak, hauek baitira, azokara joateko ohitura gutxien dutenak.