Gertukoak
LGTBI-ren eskubideak
Transbide, LGTBI+ kolektiboaren borrokak lortutako zerbitzu publikoa
Euskadi Irratia/Aritz Agirre
Nafarroako Gobernuko osasun departamentuak sortu du Transbide, pertsona transexualen osasun beharrei erantzuteko unitate berezitu eta integrala.
-
LGTBI+ kolektiboaren osasun eskubideak bermatzeko jaio da Transbide
3:42 min
Gizabanako bakoitzak bere genero identitatea autodeterminatzeko duen eskubidea aitortzen du Transbidek, eta beraz, Nafarroan jada ez da psikiatren txostenik eskatuko TRANS pertsonen osasun beharrei erantzuteko. Hauxe izan da orain arte LGTBI+ kolektiboaren aldarrikapen nagusietako bat, orain arte buruko gaitzarekin lotutako osasun protokoloak ezartzen baizitzaizkien pertsona transexual, transgenero eta intersexualei eta horrek urte luzez atzeratzen zuen hormona tratamenduak edota tratamendu kirurjikoak jasotzeko eskubidea.
Transbidek osasun arreta osoa eta berezitua eskaintzen dio kolektibo honi Osasun Zentro bakarrean. Sexologian berezitutako bi sikologok, endokrino batek eta endokrinologian berezitutako pediatra batek osatzen dute osasun-unitate hau. Osasun departamentuaren aurreikuspenen arabera, urtean 80 lagun ingururi eskainiko diote bertan osasun arreta. Transbide zerbitzuari esker, TRANS pertsonen osasun eskubideak sistema publikoan bermatzeko abanguardian jarri da Nafarroa estatu mailan.
LGTBI+ pertsonen berdintasunerako foru legearen ondorio zuzena da Transbide. Kolektibo honen urteetako borrokaren fruitua da, Nafarroako erakundeekin sustatutako elkarrizketa eta elkarkidetzari esker gauzatu dena. Sexu identitatearen autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen du Transkolore Nafarroa elkarteak, organo genitalek ez dezaten pertsonen generoa adierazi eta finkatu. Ohartarazi dute, era berean, oraindik asko direla TRANS pertsonek egunerokoan gainditu behar dituzten oztopoak eta hezkuntza zein gizarte mailan egin beharreko lana nabarmendu dute, eskubideen berdintasuna bermatu, transexualitatea ulertu eta iraganeko estereotipoetatik askatzeko.