Itxi

Gertukoak

Agronomoen Eskola NUP-en

Zizareez eginiko gaileta gozoak

Euskadi Irratia/Aritz Agirre

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Nekazaritza Ingeniariak intsektuen hazkuntza ikasten ari dira gizakientzako elikagaiak ekoizteko. Suspertzen ari den industria da, enplegu berriak sortuko dituena.

  • 3:39 min
imagen player
imagen player
imagen player

Nekazaritza Ingeniaritzako ikasleek matxinsaltoak eta txokolatezko eskorpioiak dastatzen dituzte NUPeko laborategian, eta horrekin batera, zizareen larbekin gailetak, bizkotxoak eta hanburgesak egiten ari dira. "Tenebrio Molitor" edo hirinaren zizarearen hazkuntza ikertzen ari dira eta zizareari emandako elikagaiek ze eragina duten bere propietateetan. Nekazaritza Ingeniarien goi eskolako laborategian 10.000 zizare larba dituzte eta milatik gora kakalardo. 2.000 larba inguru behar dira 100 gramo gaileta egiteko.

"Entomofagia" eta "insect Farming" izeneko ikasgaiak industria berri horretan trebatu eta jarduteko lehenengo hartuemana dira ikasle hauentzat. Europako legediaren aldaketari esker, eremu komunitario osoan ekoitzi daitezke jada intsektuetatik eratorritako produktuak, gizakientzako elikagai bezala saltzeko. Espainian soilik maskotentzako elikagaiak ekoitz zitezkeen orain arte. Araudi aldaketa horrek elikagaien industria berriari ateak zabaldu dizkio eta intsektuentzako baserri berriak ugaltzen ari dira, lanbide berriak sortuko dituztenak. Suspertze bidean dagoen sektore hau oso aurreratua dago Holandan, Estatu Batuetan eta Kanadan.

Intsektuek elikagai gisara dituzten propietateak nabarmendu dituzte NUP-eko irakasle eta ikasleek, batez ere proteina eta gantz osasungarri handikoak direlako. Gainera, intsektuen ekoizpena jasangarriagoa da ur gutxiago behar duelako. Aurreiritzien aurrean, NUPeko Ingeniaritza Eskolan adierazi digutenez, modu garbi eta osasuntsuan hazitako intsektuak gizakiari gaitz edo gaixotasunik transmititzeko arrisku gutxiago du, zeharo izaki ezberdinak direlako.