Gertukoak
Belateko tunelak
Belate eta Almandozko tunelak irekiko dituzte berriz ere
Mikel Yarza
Bost hilabeteko lanen ostean,berriz ere irekiko dituzte tunelak N-121A errepidean. Belatekoa Espainiako zazpigarren tunelik luzeena da eta erreferentziazko bidea nazioarteko garraiolarientzat.
-
3:23 min
Bost hilabetez egon dira itxita N-121A errepideko bi tunelak eta inguruko alkateek ontzat eman dituzte Nafarroako Gobernuarekin batera zonaldeko eragileek eginiko jarraipen batzordeko emaitzak. Kamioi kopurua, ordea, gehiegizkoa da oraindik ere euren aburuz. Belate eta Almandozko tuneletatik egunero 4.000 kamioi igarotzen direla nabarmendu dute.
Errepideko erabiltzaileen artean iritziak askotarikoak dira, batzuek kezka adierazi dute trafikoaren geldotasunak euren eguneroko jardunean eragiten duelako, baita larrialdi egoeretan oztopo bilakatu ohi direla ere.
Datozen urteetan errepidea berriz ere itxiarazi dezaketen lanek ere kezka areagotu dute erakunde zein bizilagunen artean, baina garraiolariek nabarmendu dute inor gutxi arduratzen dela euren segurtasunaz edota kamioilariek zonaldean eragiten duten onura ekonomikoaz. Nafarroako garraiolarien Tradisna elkarteak nabarmendu du errepide bidezko merkantzien garraioak Nafarroako BPG-aren % 3 osatzen duela. Kamioilariek euren jarduna A-15 autobidera berbideratzeko proposamenari dagokionez, bidesarien ordainketaz eta bidea beraren arriskuaz mintzatu dira.
Behin tunelak irekita, bidelanen aurreko egoerara itzuliko dira errepideko erabiltzaileak. Denborak esango du ikuskera ezberdinek lortuko ote duten norabide berean aurrera egitea.