Gertukoak
Uhateak
Uhateak: uholdeei aurre egiteko ateak banatu dituzte Elizondon eta Sunbillan
Euskadi Irratia | Amaia Eneterreaga
Baztan eta Bidasoa ibaiak hazten direnean jartzeko babes neurriak dira uhateak, kalteak ekiditeko pentsatuak.
-
Argazkia: erran.eus
3:12 min
Irudiak ez dira aise desegingo elizondarren memorian. 2014ko uztailaren 4an herria Baztan ibaiaren azpian gelditu zen. Etxe, lurzoru, denda, eraikin eta tabernak ibaiaren ubide bihurtu ziren. Naturak mezua bidali zuen, urak bere boterea indarrez erakutsi zuen. Elizondon uholdeak izan ziren.
Euriteei, uraren jarrerei erantzuten dakien herria da Baztango eremu hau. Uholdeekin ohitzea ezinezkoa bada ere, urtean behin izaten dituzte, bataz bertze.
Baztango Udalak gobernuarekin eta Ingurumen sailarekin elkarlanean zenbait proiektu eta plan abiatu ditu kasu hauei aitzin egiteko. Horien artean dira uhateak. Euriteei edo ibaien gorakadei aurre egin ahal izateko ateak. Ur-ateak. Arriskutik gertuen diren bizilagunei banatu dizkiete dagoeneko. Eraikin publikoetan ere jarriko dituzte.
Burdinazko plaka gisakoak dira, arrisku egoera dagoela iragartzerakoan jarri beharko dira. Ezartzeko konplexutasunik ez dute eta edonon gordetzeko modukoak dira. Herritarrek uhateen inguruko argitalpenak ere jaso dituzte.