Efemerideak
Maiatzak 1
Santiago Ramon y Cajal: Nafarroan jaio zen nobel saria
1852ko maiatzaren 1ean jaio zen Santiago Ramon y Cajal, Aragoiko lurrez ingurutatu dagoen Petilla de Aragon herri nafarrean. Medikuntza nobel saria irabazi zuen 1906an. Felix Zubia Donostia hospitaleko zainketa berezietako zerbitzuburuak eman dizkigu bere ikerketen inguruko azalpenak.
-
Santiago Ramon y Cajal
4:07 min
Petilla de Aragon Nafarroako herri bat baina Aragoiko lurretan dago. Herri txiki horrek badu seme ilustre bat: Santiago Ramon y Cajal. 1852ko maiatzaren 1ean jaio zen Ramon Y Cajal, mediku eta garunaren ikerlari handia. "Berak azaldu zuen garunaren geruza ezberdinak nola dauden antolatuta, eta batez ere, kontzeptu berritzaile bat jarri zuen mahai gainean: Neurona kopurua baino neuronen arteko konexioak, elkar loturak direla garrantzitsuak", azaldu digu Felix Zubiak. 1906an lan horregatik eskuratu zuen medikuntza nobel saria. Santiago Ramon y Cajal Espainiako Zientzia Akademiako kide izan zen eta Instituto Nacional de Higiene erakundeko zuzendari. Alfonso XIII. erregeak haren izena daraman institutua sortu zuen Madrilen eta hantxe eman zituen Ramon y Cajalek hil bitarteko urteak. 1934an hil zen. Xehetasun gehiago, efemeridean.