Hiri Gorrian
Hiri Gorrian
Bilboko Arrese gozotegiko toffeeak 'Titanic'-era iritsi ziren
B.F
EiTB
Bonboien istorioari tiraka, 'Titanic' ontziko bidaiarien inguruko informazio interesgarria bildu du Josu Hormaetxea bilbotarrak.
Josu Hormaetxea bilbotarrak Pasajeros del Titanic liburua idatzi du. Bilboko Arrese gozo-dendako bonboiak izan ziren liburu honen abiapuntua. Izan ere, bertako toffeezko bonboiak munduko itsasontzirik famatuenera iritsi zirela kontatu digu Hormaetxeak ‘Hiri Gorrian’.
Titanic-en hondoratzearen 60. urteurrenean, itsasontziaren inguruko lehen erreportajea irakurri zuen Josu gazteak. Liluratuta geratu zen istripu famatu horren ingurukoekin, eta ikertzen hastea erabaki zuen. Erreportaje honetan, Arrese gozo-dendako toffee bonboien lehen aipamena aurkitu zuen, eta geroago ezagutu zuenez, Madrilgo Peñasco familia burgesaren enkargua izan zen toffee bonboiena. Garai hartan, toffeezko bonboiak ziren gozo-dendako produkturik ezagunena, eta Arresek denda txiki bakarra zuen Bilbon, Bidebarrieta kalean. Peñascotarrek emakume bat bidali zuten Bilbora gozoki bila, Arreseko bonboiak Ameriketara eramateko asmoarekin.
Hori guztia jakin aurretik, baina, Josu Hormaetxea euskal abizenen bila aritu zen Titanic itsasontziko bidaiarien zerrendan. Bi abizen euskaldun aurkitu zituen: Artagaveytia eta Urrutxurtu. Lehenengoa, Uruguaiko familia ezaguneko Ramon Artagaveytia zen, eta bigarrena, Manuel Urrutxurtu diputatu mexikarra.
Ramon Artagaveytiaren izenari tiraka, bidaiari xelebre honen inguruko informazioa biltzen hasi zen Josu Hormaetxea. Lehenengo klaseko bidaiaria izan arren, Ramon Titanic hondoratu zenean hil zen. Gorpuak berreskuratu zituztenean, Ramoni erlojua kendu zioten, eta Montevideora eraman zuten. Hormaetxeak azaldu digunez, erlojuaren orratzak 05:00etan zeuden geldituta. Beraz, Titanic hondoratu baino hiru ordu lehenago hil zen. ‘Hiri Gorrian’ jakin dugunez, erreskateko ontzia 04:30ean iritsi zen, eta Ramonek ontzia ikusteko aukera izan zuen. Artagaveytiak bazuen hondoratzeetan eskarmentua; izan ere, 30 urte zituela, beste ontzi baten hondoratzetik onik ateratzea lortu zuen Mar del Platan. Titanic hondoratu zenean, baina, 70 urte zituen, eta bidaiari gehienak bezala, uretara jauzi egin zuen eta bertan hil zen.
Ramon Artagaveytiaren familia Montevideon bizi da gaur egun, eta Josu Hormaetxeak beraiekin harremanetan jartzea lortu du. Urteetan zehar bildutako informazio guztiarekin, Pasajeros del Titanic liburua idatzi du Hormaetxeak, Ramon Artagabeytiaren azken bidaia.
idaia.