Itxi

Hiri Gorrian

Maule

Nondik Nora: Maule

Itxaso Mendiluzek astero ekarriko dizkigu Euskal Herria eta munduko hiriburuak ezagutzeko proposamenak.

  • 8:16 min
imagen player
imagen player
imagen player

Audioak (1)

Itxaso Mendiluze arte komisarioaren bidaien txokoan, Maule dugu gaur geraleku. Hiriko gida turistikoetatik at dauden txoko xarmangarrien zerrenda osatu digu Mendiluzek:

Jai giroan hasiko dugu bidaia oraingoan, eta horretarako, ahal izanez gero, maskarada garaian joatea gomendatu digu Mendiluzek. Zuberoa osoan gertatzen den moduan, Maulek ere badu tradizioa maskaradetan, eta ikusgarria izaten da normalean.

maule maskarada

Bertako tradizioei jarraituz, espartinagintza delakoa aipatzea beharrezkoa da. XIX. mende amaieran, industria horri lotutako emakumeak goraipatzen ditu ikuskizun honek. Izan ere, Mauleko espartinagintzara joan ohi ziren Zaraitzu, Erronkari, Hetxo eta Antsoko neska gazteak. Udazkenean joan eta udaberrian itzultzen ziren. Beltzez jantzirik, buruan aulkia eta tresnak eramaten zituzten, bidean atseden hartzeko. Zuten itxurarengatik, Enara izena hartzen zuten emakume hauek, eta egiten zuten ibilbideari, Enaren Bidea deitzen zioten. Izena polita bada, emakume hauek gogora ekartzeko egiten duten kontakizuna are ederragoa da.

Hiriaren antolamendua aztertzeko, aukera paregabea eskaintzen digu Mauleko Gaztelu Zaharrak. Barnealdean ikusteko gauza handirik ez dagoen arren, kanpora ateraz gero, Mauleko hiri osoa ikusi ditzakegu magaletik. Kaleen antolamendua, eraikin nagusiak, eta nola ez, hiritarren bilgune izan den frontoi famatua behatu ditzakegu bertatik.

Mauleko gaztelua

Mauletik kilometro gutxira dagoen Gurs herria aipatu nahi izan du Mendiluzek. Kasu honetan, artistikoa baino historikoagoa da bisita hau. Izan ere, bertan egon zen Iparraldeko kontzentrazio-esparru garrantzitsuenetarikoa. 1939an, Espainiako Gerra Zibilaren azken urteetan, bertara eramaten zituzten errefuxiatuak. Gerora, Vichyko Gobernuak Alemaniarekin egindako armistizioaren ostean, juduen kontzentrazio-esparru bilakatu zen.

Gurs kontzentrazioa esparrua

Zaila da bertan gertatutakoaren gordintasunaz ohartzea gaur egun bertan dagoen basoa behatuz. Gerraren ostean, dena suntsitu eta zuhaitzak landatu zituzten. Baso honetan erabat murgilduz gero, hitz laburretan irakurri ditzakegun zenbait karteltxo daude, bertan zeuden eraikinak gogoratzeko.

Gurs kontzentrazioa esparrua

Gurs kontzentrazioa esparrua

Azkenik, Maule utzi aurretik, espartina batzuk erostea egin beharreko gauza dela gogoratu digu Itxaso Mendiluzek.

Maule espartinak