Irratia
Nobedadeak
Hasi da EiTBren irrati urtea 2014-2015 denboraldian
A.A.
EiTB
Radio Vitoriaren 80garren urteurreneko ospakizunekin abiatuko da EiTBko irratien denboraldi berria.
Komunikazio bizi eta gertukoa egiteko borondatearekin sortu zen Radio Vitoria 1934an. Plaza berri bat eraiki zuen Arabako uhinetan herritarren istorioak eta ahotsak ezagutzera emateko, informazioa eta iritzia trukatzeko, musikaz gozatzeko eta umore oneko konpainia eskaintzeko.
Zortzi hamarkada geroago, espiritu eta filosofia horrek animatzen du EiTBko irrati talde osoa. Izan ere, 2014-2015eko denboraldira etorrita, gertuko komunikazio bizia, kalitatezko informazioa eta iritzi kualifikatu plurala, hirurak ere guztiz elementu klabeak dira hogeitabatgarren mendeko euskal gizartearen behar komunikatibo anitz eta konplexuei erantzuteko. Beraz, zerbitzu publiko hori emateko xede eta bokazioarekin irtengo dira uhinen plazara energiaz beterik behin berritan Radio Euskadi, Euskadi Irratia, Radio Vitoria, Gaztea eta EiTB Musika.
Udako oporraldiaren ondotik, irailaren 8an, Radio Euskadiko programazioa ohiko formato eta ordutegietara itzuliko da, baina igurtzi berri bat hartuta. Horrela ba, egun horretatik aurrera 'Boulevard' saioak goizeko 6etan zabalduko du berriro ere Radio Euskadiko leiho informatiboa, Dani Alvarezen eskutik. Ildo beretik, analisiaren tartea sendotu egingo da, ahots berri inportanteak gehituko baitira 8:30etik aurrera Dialogos en Radio Euskadi espaziora. Loreto Larunbek jarraituko du 'Boulevard'en magazin atala gidatzen.
Gauetan ere analisirako tarte zabala izango da Radio Euskadin, Xabier García Ramsdenek zuzenduriko 'Ganbara' saioan. Asteburuko programazioan, berriz, formatu berria estreinatuko du Joseba Martinek gidaturiko 'La Jungla Sonora' musika saio esanguratsu eta erreferentzialak. Bere emisio ordua, larunbat eta igande arratsaldeetan izango da hiruretatik lauretara.
Euskadi Irratiak ere informazioaren eta analisiaren aldeko apustua egiten jarraituko du heldu den astelehenetik aurrera ere. Maite Artola itzuliko da 'Faktoria'ko mikrofonoetara. Bere ardura izango da herritarrengandik gertu dagoen informazioa irratira ekartzea, eta urrutiago dagoena erreferentziaz eta gogoetaz jantzita azaltzea. Ardura horretan alboan izango ditu iritzi emale ezagunak eta baita berriak ere. Aktualitateari zorroztasunez begiratuko diote, eta eguneroko istorio txiki eta handiagoak ere ekarriko dituzte.
Entretenimenduaren bidetik hartuko dio lekukoa Manu Etxezortuk hamarretatik aurrera.
Bazkal ostean, hiruretako ordutegira itzuliko da Itziar Alduntzin, eta haren atzetik, 'Hiri Gorrian' murgilduko da irratia Maider Segurolarekin eta Xabi Larrazabalekin. 'Mezularia' saioak informazioa eta solasa ekarriko ditu seietatik zortzietara, eta 'Arratsean' eta Fermin Etxegoienen 'Musikateak' itxiko dute Euskadi Irratiko iluntzeko ordutegia.
Bestalde, Radio Vitoriak 80 urte beteko ditu aurten erreferentziazko irratia izanik, Arabako gizartearen kezka, gogoeta, lorpen eta ekimenak uhinetara eramateko orduan. Horregatik, emisoraren 80garren urteurreneko ospakizunak ere ardatz horietan oinarrituko dira, Arabako kultura, kirola, gastronomia eta solidaritza ekimenetan.
Honenbestez, urriaren 4an, Juan Carlos Najerak 24 ordu egingo ditu bizikleta gainean Gasteizko Florida parkearen bueltan, helburu solidario baten alde. Helmugara iristen denean, igande eguerdi partean, Arabako produktuez osatutako pintxo dastaketa eskainiko da Florida parkean bertan. Eta hurrengo asteko larunbat gauean, berriz, urriaren 11ko gaueko 10etan, ikuskizun berezia eskainiko da Probintzia Plazan musika, argia eta soinua uztartuz. Ospakizun horiek irratiz ere jarraitu ahal izango dira noski, Radio Vitoriak eskainitako saio berezien bidez.
Hauxe beraz, EiTBko hiru emisora generalisten gainbegirada azkar batek eskaintzen duena. Goazen orain irrati espezializatuetara.
Gaztea emisora aipatzearekin batera, musika, entretenimendua eta multimediatasuna datozkigu burura.Horrela ba, musikaren garrantzia aintzakotzat hartuta, Gazteako hit zerrendako kanta kopurua ugaritu egingo da gaur egungo 20 kantetatik 30era pasatuz. Aldi berean, emisorak tarte zabalagoa eskainiko dio DJ artisten lanari. Honenbestez, saio bereziak eskainiko ditu Euskal Herriko DJ artisten eskutik, eta DJ Lehiaketa bat ere antolatuko du, Gazteako Maketa Lehiaketa erreferentzial eta arrakastatsuari uko egin gabe.
Ohi bezala, oso gertuko jarraipena egingo die bertako musika talde eta ebentoei, eta Gaztea Cover esperientziaren emaitza ona ikusita, bertsioen arloa zaintzeaz gain, gehitu egingo dira Gaztearen eduki multimediak. Alegia, irratiak, ETBk eta eitb.eus-ek elkarlanean landuko duten edukien kopurua.
Azkenik, eta amaitzeko, musika klasikoari erreparatuko diogu. Izan ere, EiTB Musikak bere tarte klasikoari arreta berezia jarrita ekingo dio 2014-2015 kurtsoko programazioari. Horrela ba, programazio berria hastearekin batera, Donostiako Musika Hamabostaldiaren aurtengo edizioan grabatutako kontzertuak eskainiko ditu gaueko 9:00etatik 10:00etara, 'Klasikoak EiTBn' saioaren baitan.