Irratia
Audientzia
EiTBko irratiek 430.000 entzule, EGMren azken neurketaren arabera
EiTB
Radio Euskadik du taldeko entzuleria zabalena, 178.000 entzulerekin. Radio Vitoriarekin 27.000 lagunek egiten dute bat. Eta euskarazko irratiek, batez beste, 225.000 entzule dituzte aurten.
EiTBko irrati multzoak guztira 430.000 entzule eskuratu ditu 2014an, Estudio General de Mediosek aurten egindako azken neurketaren arabera. Astearte honetan, abenduak 2, eman dira jakitera EGMren emaitzak.
Euskarazko irratiei dagokienez, guztira 225.000 entzulerekin egiten dute bat egunero. Gaztea (109.000 entzule), Euskadi Irratia (90.000 entzule) eta EiTB Musika (26.000 entzule) hazi egin dira, iazko batez bestekoarekin alderatuta.
Radio Euskadik, berriz, urtea 178.000 entzuleko batez bestekoarekin amaitu badu ere, 197.000 entzule eskuratu ditu hirugarren neurketa honetan. Azken urte hauetako epe berdinarekin alderatuz gero, inoiz izan dituen emaitzarik onenak jaso ditu Radio Euskadik.
Urteko batez bestekoari begiratuta, Radio Vitoriak, Arabako irrati beteranoak, 27.000 entzule lortu ditu.
Estudio General de Mediosek hiru neurketa egiten ditu urtean, eta elkarrizketa pertsonalak eta telefono-deiak eginez neurtzen ditu Espainiako Estatuko hedabide guztiek duten jarraitzaile kopurua.