Irratia
Administrazio Kontseilua
EITBko irrati taldea Euskadiko lehen irrati taldea dugu
Erredakzioa
EITB
ETBk bi saio berri estreinatuko ditu, batak kontsumoa eta besteak nazioarteko informazioa jorratuko du
EITBko Administrazio Kontseiluak audientzia neurtzen duen CIES enpresaren urteko lehen neurketaren datuen berri izan du. CIESen arabera, EITBko irrati taldea Euskadiko lehen irratia taldea dugu eta bere hurrengo lehiakideak baino 50.000 entzule gehiago ditu. Irrati bakoitzaz ari bagara, Radio Euskadi EAE eta Nafarroan lehena dugu eta egunero 200.000 entzule inguru ditu. Euskarazko irratiek sendo eta indartsu agertzen dira. Orotara, inoiz ez bezala hazi dira. Gazteak 100.000 entzuleak gainditu ditu, Euskadi Irratiak 98.000 entzule ditu eta EITB Irratia %15 igo da. Radio Vitoriak berriz, lidergoa partekatzen du Araban.
Telebistari dagokionez, berriz CIESen arabera 204.000 iku-entzule ditu ETB-1ek eta 544.000 ETB-2k. Guztira, taldeak irrati eta telebistan 1.200.000 jarraitzaile ditu. Horrez gain, eitb.com-en 770.000 erabiltzaile bakar gehitu behar zaizkio emaitza horiei.
Saio berriak
Programazioaren atalean, Alberto Surio EITBko zuzendari nagusiak datorren denboraldirako bi saioren estreinaldia iragarri du. Lehenengoak nazioarteko informazioari erreparatuko dio. ETBk atzerrian dituen berri emaile berezien ikuspegitik nazioarteko egun-eguneko berriak eman eta aztertzea izango da saioaren helburua.
Saio honen bidez ETBko ikus-entzuleek munduko gertakizun garrantzitsuenen bilakaera ikuspegi hurbil eta zehatz batetik jaso ahal izango dute.
ETBko albistegien bidez ematen diren berrien ikuspegia zabaldu eta osatuko du tarte honek . Hurbiltasunari muzin egin gabe, munduari leihoa zabaltzeko aukera eskaintzen du saioak.
Proiektua zuzentzeko ETBk Ana Aizpiri aukeratu du. Aizpirik ibilbide luzea du Euskal Telebistan. Herrialde asko eta ezberdinetatik eman du berri: Kanada, Israel, Palestina, Ipar Irlanda eta Algeria, esate baterako. Elkarrizketa eta erreportaje ugari egin du bertatik. Izendapen hau egin arte Ana Aizpri eguerdiko albistegietako editore lanetan ari zen.
Horrez gain, kontsumoari buruzko saio bat ere abian jarriko da. Bertan, informazioa emango da, produktuak aztertuko dira eta kontsumitzaile eta elkarteen iritziak bilduko dira.
Grebak jarraipen eskasa
Sektore publikoan deitutako grebak jarraipen eskasa izan du EITBn. ETB-1, ETB-2 eta ETB-3k normaltasunez eskaini dute programazio osoa. Irratian, berriz, Radio Euskadi programazio osoa eskaintzen ari da eta Radio Vitoriak, Euskadi Irratiak eta Gazteak zerbitzu minimoak bete dituzte eta albistegi zerbitzuak bermatu dira.