Itxi

Irratia

Audientzia

479.000 entzule EiTBko irratientzat, EGMren 3. neurtaldian

Radio Euskadik gora egin du, 194.000 entzule lortuta, eta euskarazko irratiek 267.000 entzuleren langa gainditu dute.

EiTB Taldeko irratiek (Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea eta EiTB Musika), oro har, 479.000 entzuleko audientzia dute astelehenetik ostiralera bitartean, azken lau urte hauetako emaitza onenak, hain zuzen ere. Estudio General de Medios (EGM) etxeak ostegun honetan, abenduaren 1ean, eman ditu jakitera 2016. urteko hirugarren neurketaren emaitzak.

Irratiak banan-banan hartuta, Radio Euskadik goranzko joerarekin jarraitzen du, eta 194.000 entzule ditu aste barruan.

Euskadi Irratiak ere, aspaldiko daturik onena izan du, 108.000 entzule lortuta.

EiTB Taldeko irrati musikalak ere indartsu ageri dira oso. Gazteak 117.000 entzule eskuratu ditu eta EiTB Musika nabarmen hazi da, 42.000 entzulerekin.

Euskarazko irratiak batuta, 267.000 entzuleko marka erdietsi dute.

Horrez gain, Radio Vitoriak, EiTBren irrati arabarrak, 18.000 entzule bereganatu ditu astelehenetik ostiralera EGMren urteko azken neurtaldian.

EiTBk 1.071.000 ikusle eta entzule ditu

Telebista eta irratiko emaitzak batuta, EiTBk 1.071.000 ikusle eta entzule ditu. 639.000 ikus-entzule biltzen ditu ETBk guztira astelehenetik igandera bitartean: ETB2k 469.000 ikus-entzule ditu, ETB1ek 149.000 eta ETB3k 21.000.

Estudio General de Mediosek hiru neurtaldi egiten ditu urtean. Elkarrizketa pertsonal eta telefono deien bidez neurtzen ditu Estatu espainiarreko hedabide guztiek duten jarraitzaile kopurua.