Irratia
Radio Euskadi
'Pompas de Papel' en 30. urtemuga ospatuko dute Felix Linaresek eta Kike Martinek
A.E.| EiTB
Astearte honetan idazle eta entzuleekin bilduko dira 20:00etatik aurrera Kafe Antzokian irratsaio berezia egiteko.
-
-
'Pompas de Papel' Felix Linaresek eta Kike Martinek literaturaz gidatzen duten Radio Euskdiko irratsaioak 30. urteurrena ospatuko du astearte honetan Kafe Antzokian izango den ekitaldian. Bertan, idazle, entzule eta literaturaren lagunak oro har bilduko dituzte Linaresek eta Martinek, eta irratsaio berezia egingo dute 20:00etatik aurrera. Emanaldia streaming bidez jarraitu ahal izango da zuzenean eta larunbatean programaren ohiko ordutegian, 16:00etan, izango da entzungai Radio Euskadin. Bertara joan nahi dutenak oraindik garaiz daude pompas30@eitb.eus helbidean izena emateko.
Beste eduki batzuen artean, hiru mahai-inguru antolatuko dituzte. Lehenengoa idazleena izango da, eta bertan Bernardo Atxagak, Irati Jimenezek eta Pedro Ugartek hartuko dute parte. Bigarrenean, editoreak arituko dira solasean: Txalapartako Mikel Soto, Elkarreko Antxiñe Mendizabal eta Aurora Borealeko Iban Petit, hain zuzen ere. Hirugarrenean, azkenik, komikien esparrua landuko dute Astiberri-ko Fernando Tarancon, Harriet-eko Gregorio Muro eta Xabiroi-ko Dani Fanorekin.
Halaber, saioko kolaboratzaileek euren parte hartzea izango dute: Galerna Teamek antzerki pieza txikiak eskainiko ditu; Goizalde Landabasok eta Txani Rodriguezek hainbat testu eta olerki irakurriko dituzte, eta Bego Yebrak eta Iñaki Canok ere euren alea jarriko dute. Orobat, Inun taldearen musikak girotuko du ekitaldia.
Jendartean, hainbat idazle ezagun ere izango dira, tartean Kirmen Uribe, adibidez. Eta behin saioa grabatuta, ondoren mokadu bat eskainiko zaie bertaratzen diren guztiei.