Irratia
Programazio berria
Gertutasuna ardatz hartuta abiatuko dute EITBko irratiek denboraldi berria
EITB
Ordutegi nagusia indartuko dute EITBko irratiek: 'Faktoria', 'Boulevard' eta 'Radio Vitoria Gaur' saioak indarberrituta itzuliko dira, eta Gazteako 'Dida' saioa goiz osoan zehar luzatuko da.
Bertako gaien aldeko apustu argia egingo dute EiTB taldeko irratiek datorren astelehenean, irailaren 10ean, hasiko den denboraldi berrian. Era berean, urrutikoak diruditen gaiek gurean ze eragin duten aztertuko dute. Emanaldien gai zerrenda agenda ofizialetik haratagoko edukiekin osatuko dute, entzuleari gertueneko gaien berri emateko, eta tokian tokiko albisteek tarte zabalagoa izango dute emankizunetan.
Ordutegi nagusia indartuko da
Irratiko ordutegi nagusia indartuko da taldeko kate guztietan eta indartsu hasiko dute eguna. Arratsalde-iluntzean orain arteko bidetik jarraituko dute entzuleen artean jada ezagunak diren saioek.
Maite Artolak jarraituko du Euskadi Irratiko 'Faktoria'ren lehen zatiaren arduradun. Orain arteko arrakasta lortzeko giltzarri izan diren ezaugarriak azpimarratzeko eta sendotzeko asmoa du lantaldeak. Iritzi emaile eta kolaboratzaileen zerrendari izen berriak gehituko zaizkio, batzuk sona handikoak, horien artean, Nuria Lopez de Gereñu, Mixel Berhokoirigoin, Elixabete Garmendia, Nekane San Miguel eta Joseba Sarrionandia.
Radio Euskadiko 'Boulevard Informativo' saioa ordubetez luzatuko da ikasturte berrian. Horrenbestez, goizeko 6:00etan hasi eta 11:00ak arte ariko da Dani Alvarezek gidatzen duen taldea eguneko albiste garrantzitsuenak jorratzen. Lantaldea batetik bestera ibiliko da: albistea non, Radio Euskadi han. Halaber, orain arteko iritziemaile zerrendari izen berriak gehituko zaizkio aurten: Marc Alvaro eta Anton Losada, besteak beste.
Bestalde, gidari berria izango du denboraldi honetan 'Ganbara' saioak, Jose Luis Fonseca. Orain arte bezala, gauero, hainbat kazetari bilduko dira mahaiaren inguruan egunaren analisia egiteko, eta tartean izen berriak izango dira: Charo Zarzalejos eta Antonio Maestre, besteak beste. Aurretik, Loreto Larunberen eskutik, gai aukeratu batzuk sakon jorratuko dituzte Ganbara de Cerca tartean.
Aurreko denboraldian sortu zen 'Radio Vitoria Gaur' marka. Kontenedore erraldoi bat da, non informazioa eta entretenimendua biltzen diren, goizean goizetik hasi eta bazkalostera arte. Denboraldi berrian marka hori sendotzea izango da helburua. 07:30ean hasita, lurraldeko albiste garrantzitsuenen errepasoa egiten du Radio Vitoriako taldeak. 08:00etatik aurrera, eguneko protagonistak elkarrizketatzen ditu Maritxu Diezek, eta albisteak testuinguruan jartzen ditu hainbat solaskiderekin batera. Goizeko 10:00etan Pilar Ruiz de Larreak hartuko dio lekukoa 'Radio Vitoria Gaur Magazine'arekin.
Radio Vitoriaren kasuan berrikuntzarik aipagarriena arratsalde partean dator. Astelehenetik ostiralera, ordubeteko tartea eskainiko zaie Arabako herriei. Arabako Aldundiarekin eta Arabako Kontzejuen Elkartearekin elkarlanean egindako saioa izango da. Bertan, herri-guneetako bizimoduaren eta bertan gertatzen direnen berri eskainiko zaie arratsaldero entzuleei.
Beste emisoretan bezala, Gaztean ere ordutegi nagusia indartuko da, bai goizekoa, baita arratsaldekoa ere. 'Dida' saioaren arrakasta ikusita, esfortzu berezia egin du Gazteak, eta 'Dida' goiz osoan zehar izango da. Bi ekipo izango dira horretarako: 07:00etatik 10:00etara Julen eta Antton Telleria, Jon Gotzon, Edurne Garmendia eta Andrea Aranburu arituko dira, eta ondoren, 13:00ak arte, Ainhoa Urretabizkaiak eta Ainhoa Vitoriak hartuko dute lekukoa. Goizetan beraz, tarte handia izango du entretenimenduak, beti ere musika ardatz nagusi hartuta. Ohi denez, Gazteako musika eskaintzak hemengo musikarik onena eta bertako nobedadeekin batera, mundu globalean entzuten diren hit-ak eta artista berriak ekarriko dizkigu.
Gainerako irratsaio guztiek jarraituko dute taldeko irrati guztietan, orain arteko bidetik, baina indar berrituta beti ere.
Albistegien erronka
Nafarroako aktualitatea gertutik jarraituko dute EITB Taldeko irratiek. Goizero, 7:30ean, Radio Euskadik 10 minutuko tarte bat zabalduko du, deskonexioan, Nafarroako entzuleek bertako berriak entzun ahal izan ditzaten. Horrez gain, astelehenero, 15:00etan, kirol tertulia bat izango dute entzungai nafarrek, eta larunbatetan, aldiz, 09:00etan, politika eta gizarte gaien gaineko ordubeteko saio bat. Euskadi Irratiak, bere aldetik, aspaldi honetan bezalaxe, Nafarroako Euskalerria Irratiarekin duen lankidetzaren bidetik jarraituko du hango informazioa jorratzeko orduan.
Hauteskunde urtea izango denez, Europako eta udal eta foru hauteskundeei arreta berezia eskainiko diete irratiko albistegi zerbitzuek. Euskararen ingurukoek ere tarte zabala izango dute: Euskaraldia eta euskara batuaren mendeurrena luze eta zabal jorratuko dituzten gaiak izango dira.
Aste barruan kirol emanaldi berezirik baldin badago, 'Plus' streamingaren bidez, ohiko programazioa izango dute eskura Euskadi Irratiko zein Radio Euskadiko entzuleek aurten ere.