Hiru Erregeen Mahaia
Emakumezkoen II. Trindoorra
Gernika izan da onena eta Hondarribia finalerako sailkatu da
Kepa Iribar
Euskadi Irratia
Emakumezkoen Herri Arteko II. Trindoor txapelketari dagokion bigarren faseko lehia izan dugu iragan larunbatean. Gernika-Lumo eta Berriz aritu dira lanean.
Kanporaketa lehen fasetik 7 talde sailkatu ziren bigarren fasera. Oraingoan lau denbora onenak hartuko dira kontutan finala osatzeko, eta soilik hiru talde falta direnez euren lana egiteko, orain arteko denbora onena daukan Hondarribia jada apirilaren 16ko laudo finalerako sailkatu da.
Berriz izan da lana osatzen aurrena. Gutxi entrenatuta etorri direla aipatu dute, eta kanporaketa fasean egindako denboratik minutu bat gora ibili dira. Ziortza Aldekoak 3’05”tan osatu dite 750 metro arraunean. Naiara Telletxeak bizikletako 4 kilometroak 7’01”tan egin ditu. Korrika, Iratxe Lejarreta aritu da, 1,5 kilometro 7’35”tan. Orotara, 17’41”65koa izan da. Denbora horrekin ez dira finalean izango, hori bai, antolatzaileentzat bonboi goxoak ekarri dituzte, gustora jan ditugunak!!
Gernika-Lumok 15’10”95eko denbora egin du. Silvia Hermidak egin du arraunean hergometroan, bere aurreko denbora bi segundutan gainditu du, amaieran luzetxo egin baitzio saioa. 2’46”tan gelditu du kronoa. Leire Larretak hartu dio lekukoa bizikletan. Hau ere ondo hasi da, baina kosta egin zaio bukatzea, 6’49”tan egin du. Nerea Lafuentek korrikako saio polita osatu du, bere aurreko denbora 4 segundutan gainditu du, baina denbora ona eginez: 5’34”. Era honetan, eta datorren astean ariko diren taldeen lanaren aurretik, Gernika-Lumo bigarren postuan kokatu da.
Datorren astean hiru talde ariko dira lanean: Abadiño, Donostia, eta Azpeitia.