Itxi

Irratia

Irratiaren Nazioarteko Eguna

Gazteak 'Gure kontu' leloarekin iragarri du bere 30. urtemuga Irratiaren Egunean

EiTB

EiTB taldeko gainerako irratiek ere modu berezian ospatu dute Irratiaren Nazioarteko Eguna: Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik kalera irtenda, eta Radio Vitoriak estudioko ateak zabalduz.

  • Gazteako esatariak, Irratiaren Nazioarteko Eguna ospatzen.

    Gazteako esatariak, Irratiaren Naziaorteko Eguna ospatzen. Argazkia: EiTB

Ostegunean, Irratiaren Nazioarteko Eguna ospatu dute EiTB taldeko irratiek. Gaztearentzat egun berezia izan da, bere 30. urtemuga iragarri duelako. Abagune hori aprobetxatuz, Gaztearen urteurreneko leloa aurkeztu dute: Gure kontu. Bestalde, irratia entzuleengana hurbiltzeko asmoz, Euskadi Irratia eta Radio Euskadi kalera irten dira (Donostiako Tabakaleratik eta Bretxa merkatutik aritu dira, hurrenez hurren) eta Radio Vitoriak estudioko ateak zabaldu ditu.

Gaztearen 30. urteurrena

"Aurten musika, festa, kontzertuak… dena Gure kontu izango da, 30 urte ez baitira egunero betetzen". Hori esanda abiatu da otsailaren 13an Gazteako "dida" saioa goizeko 7etan. Ohiko musika eta dibertsioaz gain, opariak banatuko dituzte entzuleen artean. Horretarako, WhatsApp bidez audio mezu bat bidaltzeko eskatu diete 688 60 50 50 zenbakira, entzun nahi duten abestia aurkeztuz. Ondoren, egun osoan zehar, Gaztearen deia jaso dezakete entzuleek eta 'Gaztearen kontu' erantzunez gero, opari bat bidaliko diete, bluetooth bozgorailu bat.

1990.urteko martxoaren 21ean esan zuen Gazteak lehen aldiz "egun on". 30 urte pasa dira jada, eta irratiak eutsi egin dio euskal gazteen artean erreferentziazko aukera izateari. Horregatik jakinaraziko du Nazioarteko Irratiaren Egunean, etxeari su eman eta den-dena euren kontu izango dela: doako kontzertuak, sarrerak, emanaldi bereziak eta sorpresa mordoa prestatu ditu Gazteak. Otsailaren 21ean iragarriko da urteurren eguneko ekitaldia eta apurka-apurka urtean zehar egingo diren ekimenak ezagutzen joango gara.

Euskadi Irratia, Tabakaleratik

Euskadi Irratiak Tabakalerako sarrerara eraman du bere programazioa. Goizeko hamarretan hasi da "Faktoria" magazina zuzenean, eta, 12:00etatik aurrera, 20 urteko ibilbidea ospatzen ari den Gatibu taldea izan dute zuzenean. Horren aurretik, Manu Etxezortuk Edurne Ormazabal eta Klara Montero Tabakalerako zuzendaria eta kultur zuzendaria elkarrizketatu ditu, Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko zentroaren bosgarren urteurrenean. Zuberoako Aloze herritik eta Oiartzundik etorritako ikasle talde baten bisita ere izan dute.

Eguerdian, "Kantu Kontari" aritu da Joseina Etxeberria bere aukeraketa musikala eskainiz. Eta, 16:00etatik aurrera, urtarrilean hasi den "Baipasa" saioa zuzenean ikusteko aukera izan du Tabakalerako hallera gerturatu den orok; nazioarteko korrespontsalen tertulia, esaterako, pantaila handian denok ikusteko moduan egingo da, skype bidez. Olaia Urtiagak gidatzen duen saioan, Olatz Salvador abeslariaren zuzeneko emanaldiaz gozatu dugu, baita El Txiringo antzezlaneko kideei egin dien elkarrizketaz ere.

Radio Euskadi, Bretxako merkatutik

Irratiaren Nazioarteko Eguna ospatzeko, Dani Alvarezek entzuleekin gosaldu du. Goizeko zortzietan Bixio Gorriz Realeko jokalari ohiarekin hitzordua izan du Donostiako Boulevard inguruko taberna batean kafea hartzeko. 09:00etatik aurrera, Bretxa ondoko set berezian egon da. Bertatik pasako dira Jose Ignacio Munilla Donostiako apezpikua eta Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendaria. Telefonoz bat egingo du, berriz, Xabi Alonsorekin eta Iñaki Gabilondorekin. 10:00etan Bretxako merkatura bisita egin du, Ander Gonzalez sukaldariak lagunduta. Los Bebes de la Bulla fanfarreko eta Union Artesana elkarteko kideekin ere elkartu dira.

"Boulevard Magazine"ko lagunak ere, Miriam Duque eta Iñigo Lejarza buru direla, Donostiatik aritu dira. Beste hainbat donostiar izan dituzte gonbidatu, hala nola, Mikel Erentxun abeslaria, Pedro Usabiaga argazkilaria eta Elena Arzak sukaldaria. "Iflandia" saioan Ramón Saizarbitoria idazlea elkarrizketatu dute, Korner Festibalari buruz hitz egin dute Iñaki Gabarainekin, eta Ghost Number musika taldearen zuzeneko izan dute.

"Graffiti" saioan Amara auzoko bizilagunek amesten duten proiektuari erreparatu diote eta Donostialdeako musika urbanoaz mintzatu dira Nizuri Tazuneri eta SNKTrekin. Horrez gain, Amancay Gaztagañak eta Iraia Eliasek Poltsiko Antzerkiaren ingurukoak ekarri dituzte. Imanol Ituiñok magia egingo du zuzenean, eta Nextor eta Aitor Tañok graffiti bat marraztu dute.

Azkenik, "La Mecánica del Caracol" saioan, Eva Caballerok irratia hitzaren adiera ezberdinak eta fisika, kimika, astronomia eta geometria arloetan dituen esanahiak aztertu ditu. Historian atzera ere egingo dute, urrutiko komunikazioaren aurrekariak ezagutu asmoz.

Ate irekien eguna, Radio Vitorian

EiTBren Gasteizko egoitzako ateak zabal-zabalik egon dira ostegun honetan. Radio Vitoriako entzuleek bertara hurbildu eta irratia nola egiten den zuzenean ikusteko aukera izan dute. Estudioan eta erredakzioan lanean diharduten kazetari eta teknikariekin hitz egiteaz gain, elkarrekin mokadutxo bat hartu dute. Horrekin batera, Radio Vitoriako lankideek irratiarekin duten harremanaz galdetu diete herritarrei.