Irratia
GAZTEAk antolatuta
LipDub lehiaketaren hamar finalistak hurrengo fasera pasa dira
A.H.
EITB
Botoen markagailuak zerora itzuliko dira eta 'dida' irratsaioak antolatutako lehiaketaren botazio fase berri bati ekingo zaio azaroaren 21era arte.
-
'Dida' irratsaioko taldea. Argazkia: EITB
Gaztea irratiaren 'dida' saioak antolatutako LipDub lehiaketaren hamar finalista ezagutzera eman dira astelehenean, botazio epea igandean amaitu ondoren. Hamar lipdub horiek, 20 sailkatuen artean boto gehien lortu dituzten bideoak dira, interneteko erabiltzaileen artean oso harrera ona jasoz. Izan ere, internet bidezko partaidetzak eguneko bataz besteko 6.000 erabiltzaile bakar eta 200.000 orrialde bisitatu izan ditu.
Aurtengo Lipdub lehiaketak gainera, 39 bideo jaso ditu, Nafarroa, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako gazteek bidali dituzten lanak. Horien artean, epaimahai batek 20 aukeratu zituen, Gazteako webgunean eskegi eta botazioen lehenego faseari ekiteko. 20 bideo horiek ETB-3n emango dira laster.
Hamar finalistak ordea, botazio fase berri batera pasako dira, bakoitzaren botoen markagailua zerora itzuliko da eta botazioari ekingo zaio berriro, azaroaren 21era arte. Orduan, puntu gehien daukaten bost lipdubak igaroko dira finalera.
Azaroaren 25ean ezagutuko da 3.000 euroko saria jasoko duen irabazlearen izena eta horrez gain, beste bigarren saritu bat egongo da, Epamahaiaren Saria jasoko duena. Bigarren sari hau, lehiaketak izandako harrera onaren ondorioz sortu da. Horrela, boto gehien jasotzen dituenak 3.000 euro irabaziko ditu eta Epaimahaiaren Saria eskuratzen duenak, berriz, 1.000 euro.
Hamar bideo finalistak honako hauek izan dira: Hondarribiako 'Petite soeur'; Gasteizeko 'Zure ingurua' eta 'You’re the one that I want'; Gernikako 'Zure ingurua', Pasai Donibaneko 'Gogoak', Deustuko 'Euri tanta bakoitzean', Barakaldoko 'Kaixo', Zumaia 'Gu', Eritzaintzako 'Todos los días sale el sol' eta Donostiako 'Ain’t no mountain high enough'.