Irratia
EGMko datuak
EITBko irratiak lider dira, ia milioi erdi entzulerekin
A.E.
EITB
Milioi bat ikus-entzuletik gora dituzte EITBko hedabideek, Estudio General de Mediosek argitara eman duen urteko bigarren neurketaren arabera.
1.052.000 ikus-entzule dituzte EITBko hedabideek, Estudio General de Mediosek asteazken honetan, uztailak 4, argitara eman duen urteko bigarren neurketako emaitzen arabera. EGMren bigarren neurketaren arabera sendo eusten diote EITBko irratiek lidergoari: Radio Euskadik, Euskadi Irratiak, Gazteak, EITB Musikak eta Radio Vitoriak 488.000 entzule dituzte egunero.
Radio Euskadik 200.000 entzuletik gora ditu
Orotariko programazioak 325.000 entzuletik gora ditu egunero. Radio Euskadirekin, alde batetik, 200.000 entzulek egiten dute bat. Aurreko neurketarekin alderatuta 30.000 entzule irabazi ditu.
Euskadi Irratiak ere, beste alde batetik, goranzko joera erakutsi du: 93.000 entzule ditu, eta 20.000 entzule gehiago eskuratu ditu.
Radio Vitoriak, azkenik, iazko jardunaldiaren amaieran zuen entzule-kopurua izaten jarraitzen du, Araban erreferentziako irratia izanik.
145.000 entzule Gaztearentzat
Bestalde, Gaztea gorantz eginez doa neurketaz neurketa, gelditu gabe: 145.000 entzule ditu egunero, eta 20.000 entzule berrik egiten dute bat EITBko irratirik gazteenarekin azken epe honetan.
EITB Musikak, bestalde, bere entzuleei eusten die: 18.000k hautatzen dute haren sintonia EGMren arabera.
247.000 entzule goizero EITBn
Goizero, irratien ordutegi nagusian, 247.000 entzule ditu euskal irrati publikoak. Euskal Irratsaiorik entzunena 'Boulevard' irratsaioa da. Neurketa honetan, 20.0000 entzule irabazi ditu, eta 149.000 dira goizero 'Boulevard' pizten dutenak.
613.000 ikus-entzule ETBrentzat
Telebistako audientziari dagokionez, EGMk 613.000 ikusleko audientzia neurtu du ETBrentzat: gaztelaniaz 446.000 ikuslek jarraitzen dute programazioa, eta euskaraz 167.000 lagunek egiten dute bat ETBrekin.
Hiru neurketa egiten ditu urtero Estudio General del Mediosek. Aurrez aurreko elkarrizketen eta telefono deien bidez eramaten du aurrera ikerketa, hedabide guztien jarraipena egiteko. Irratien audientzia neurtzeko erreferente garrantzitsuena da, CIESekin batera.