Itxi

Irratia

Urteurreneko ekitaldi nagusia

Euskadi Irratiaren 30. urteurrena ospatu dute San Telmo Museoan

A.A.

Euskadi Irratia

San Telmo Museoan egin duten ekitaldi nagusian hiru sari banatu dira: entzule leialenari Gertu saria, irratsaio nabarmenenari Irratia saria eta iragarkiak betidanik jarri dituenari Fideltasun saria.

  • Euskadi Irratia 30 urte

30. urteurreneko ekitaldi nagusia egin du Euskadi Irratiak ostiral honetan, Donostiako San Telmo Museoan. EITB taldeko irratiak emisioak hasi zitueneko eguna, azaroaren 23a, baliatu dute ospakizun urteari amaiera emateko. Bertan, hiru sari banatu dira: Gertu saria, entzule leialenari; Irratia saria, 30 urteotako irratsaio nabarmenenari, eta Fideltasuna saria, iragarkiak betidanik jarri dituenari.

Euskadi Irratiaren historian entzuleen irratsaio kuttunena 'Aizu, Aizu' da. Bereziki gogoratzen dute Mertxe Ezeizak bazkal orduan gidatzen zuen lehiaketa alai eta freskoa. Honenbestez, Irratia sariarekin nabarmendu dute Mertxe Ezeiza, sorreratik Euskadi Irratian diharduen kazetaria.

Fideltasuna saria, 30 urteotan Euskadi Irratian iragarkiak jarri dituzten bi enpresak jaso dute: Endañeta Altzariak eta Baque Kafeak. Saria hartzera etorri dira Nikolas eta Tomas Arrieta aita-semeak Endañetaren izenean eta Jose Manuel Osa Baque etxearen izenean.

Azkenik, Euskadi Irratiko entzule fin izan diren herritarren askoren ordezkari modura, bost lagunek jaso dute Gertu saria: Julene Miner ereñozuarrak, Julian Goikoetxea Tolosako harakinaren izenean haren seme-alaba Uxue eta Gillenek, Aitor Mitxelena Lesakako kamioilariak, Leire Esnaola Amasa-Villabonako emakumeak eta Maite Zabaleta mutiloatarrak. Guztiek Dora Salazarren grabatu bana jaso dute.

Alberto Surio EITBko zuzendari nagusiaren, Javier Torrontegi EITB Irrati-Taldearen zuzendari-koordinatzailearen eta Felipe Juaristi Euskadi Irratiko zuzendariaren agurrarekin hasi da ekitaldia. Ondoren sari banaketa egin da eta, amaitzeko, Alos Quartet laukotearen emanaldiaz gozatzeko aukera izan dute bertaratu direnek.

Euskadi Irratiaren 30. urteurreneko ekitaldi nagusira politika eta kultura munduko ordezkariak bildu dira: Bakartxo Tejeria Eusko Legebitzarreko presidente izendatu berria, Lourdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Ikerne Badiola Gipuzkoa Kultura diputatua, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea eta Nerea Txapartegi Donostiako Kultura zinegotzia.

Kultura sailburu eta Euskadi Irratiaren sortzaileetakoa izan zen Ramon Labaienekin batera, Eusko Irratiko lehen zuzendari izan zen Inazio Arregi, eta ondorengo urteetan kargu berean aritutako Joxe Mari Iriondo eta Julian Beloki egon dira, baita Odile Kruzeta eta Rosa Diez Urrestarazu Euskadi Irratiko zuzendaria ohiak, Joseba Arruti Radio Euskadiko zuzendaria, Lucas Irigoyen Radio Vitoriako zuzendaria eta Patxi Arratibel EITBko Estrategia eta Kanpo Harremanen zuzendaria ere.

Euskadi Irratiko kolaboratzaile direnen artetik, Koldo Ordozgoiti, Patxi Baztarrika, Martin Auzmendi, Arantxa Urretabizkaia eta Garbiñe Biurrun etorri dira. Eurekin batera, Jose Luis Lizundia EITBko Administrazio Kontseiluko kidea, Miren Azkarate Kultura sailburu ohia, Jose Antonio Rodriguez Ranz Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko dekanoa, Mariasun Landa idazlea, Iñaki Urruzola Mondragon Unibertsitateko ordezkaria, Arantza Zugasti Noticias de Gipuzkoa-ko zuzendaria eta Juan Mari Larrarte Berria-ko zuzendari ordea, besteak beste.