Beste kirolak
Golfa
Jon Rahmek LIV zirkuituko taldekako txapelketa irabazi du
EITB Media
Euskal golfistak garaipena bereganatu du 'Legion XIII' taldearekin, DeChambeauren 'Crushers' menderatuta. Play-offeko bi zulo behar izan dira talde irabazlea erabakitzeko.
-
Rahm, Hatton, Surratt eta McKibbin, txapeldunen garaikurrekin. Argazkia: @livgolf_league
Jon Rahmek taldekako LIV txapelketa irabazi du Michiganen (AEB), 'Legion XIII' taldearekin, Bryson DeChambeauren 'Crushers' taldea menderatuta. Garaipena bereganatzeko play-offeko bi zulo behar izan ditu Rahmen taldeak. Barrikakoa (Bizkaia) Saudi Arabiako zirkuituko LIV Golfeko banakako titulua lortu zuen iragan astean.
Garaipenaren ondorioz, 'Legion XIII'k 14 milioi dolar poltsikoratu ditu; 8,4 taldearentzat eta 1,4 kide bakoitzarentzat. Rahmez gain, Tyrrell Hatton britainiarrak, Caleb Surratt estatubatuarrak eta Tom McKibbin iparrirlandarrak osatu dute 'Legion XIII' taldea.
'Legion XIII'k lau kolpeko desabantaila irauli behar izan du finalean; hala, bada, play-offa behartu du, -20ko txartelarekin berdinketa lortuta. Bi zulo gehiago behar izan dira txapelduna erabakitzeko: Rahmek Tyrrell Hattonen kontra jokatu du, eta DeChambeauk Paul Casey izan du aurkari. DeChambeauren akats batek garaipenerako bidea ireki dio Rahmen taldeari. Bizkaikoaren eta Hattonen bina birdiek eman dio garaipena 'Legion XIII'ri.
"Zaila da hitzak aurkitzea. Ez dut uste ondo jokatu dugunik, baina gazteek finaleraino eraman gaituzte. Play-offa iritsi denean konfiantza handia izan dugu. Sentsazio bikaina da. Urte luzea izan da, behingoz play-off bat irabaztea lortu dut. Ezin naiz harroago egon. Urte bikaina izan da", esan du Rahmek garaipenaren ostean.

