Beste kirolak
Golfa
Jon Rahm Ryder Cupen izango da, irailaren 26tik 28ra bitartean
EITB
Barrikako golf jokalariak laugarren aldiz jokatuko du txapelketa hori, Europaren eta AEBren arteko lehia, 2025ean, New Yorken egingo dute.
-
Jon Rahm laugarrenez arituko da Ryder Cupen. Argazkia: EFE.
Luke Donald Europako taldearen kapitainak Jon Rahm hautatu du New Yorken irailaren 26tik 28ra bitartean izango den 2025eko Ryder Cupen aritzeko. Barrikoztar golf jokalariak, 30 urtekoa bera, laugarren aldiz jokatuko du txapelketa hori; Ryder Cupeko 45. ekitaldia izango da, eta Bethpage Black zelaian egingo dute.
Testuinguru horretan, Europak hamabi jokalari izango ditu lehian, eta Luke Donaldek, astelehenean, jakitera eman du hautaketa libreko sei gizonak nortzuk izango diren; Barrikakoa laugarrenez arituko da Ryder Cupen, eta 2018an egin zuen debuta, Parisen. Bigarren denboraldiz jarraian irabazi du LIVeko sailkapen nagusia, eta pentsatzeko modukoa zen hautatutako jokalarien zerrendan izango zela.
Rahm ez ezik, beste hauek ere aukeratu ditu: Shane Lowry irlandarra, Sepp Straka austriarra, Viktor Hovland norvegiarra, Ludvig Aberg suediarra eta Matt Fitzpatrick inglesa. Horiez gain, jokalari hauek ere izango dira taldean, rankingean duten postuagatik: munduko bigarren onena den Rory McIlroy iparrirlandarra, Robert MacIntyre eskoziarra, Tommy Fleetwood, Justin Rose eta Tyrrell Hatton ingelesak eta Rasmus Hojgaard danimarkarra; azken horrek, gainerako guztiek ez bezala, ez du esperientziarik Ryder Cupen.
"Ez nuen uste horrenbeste hunkituko nintzenik. Oso berezia izango da. Gogo handia dut Bethpagen izateko. Espero dut Estatu Batuetan izan ginen aurrekoan baino hobeto egitea. Estresagarria izango da, baina dibertigarria ere bai", esan du Rahmek, albistea baieztatuta.

