Beste kirolak
Eskubaloia
Bera Berak erakustaldia emanda irabazi du Iberiar Superkopa
EITB MEDIA
Donostiako taldea hasieratik bukaeraraino izan nagusi, eta 38-21 garaitu du Benfica, Anaitasunan jokatutako finalean, Iberiar Superkopa hirugarren urtez jarraian bereganatzeko.
-
Bera Berako jokalariak Iberiar Superkopakarekin. Argazkia: EFE
Super Amara Bera Berak nagusitasun handiz irabazi du Iberiar Superkopako finala, Iruñeko Anaitasuna pabiloian. Donostiako taldeak 38-21 garaitu du Benfica, eta, horrenbestez, hirugarren urtez jarraian bereganatu du aipatu titulua.
Bera Bera indarrean eta erasokor hasi da. Lehendabiziko bost minutuetan sei gol sartu ditu, eta aukariak, berriz, bakarra. Jasotzen ari zen jipoia ikusita, Luis Monteiro entrenatzaile portugaldarrak etenaldia eskatu du, eta, ondoren, hobeto aritu da Benfica.
Bost gol bata bestearen atzetik eginda, aldea murriztu dute markagailuan, baina hor bukatu zaie susperraldia. Imanol Alvarezen taldeak berriro zapaldu du azeleragailua, eta aurkariaren atearen bila joan dira.
Lehen zatia zortzi goleko abantailarekin (18-10) bukatu dute, eta bigarrenean gidoia errepikatu da.
Bera Bera askoz gehiago izan da, eta ez dio inolako aukerarik eman Benficari partidan sartzeko. Azkenean, Donostiako taldea 38-21 gailendu da, Iberiar Superkopa hirugarrenez jarraian irabazteko.
Tchaptcheti eman diote jokalari seguruenaren saria, eta Carmen Arroyorentzat izan da jokalari onenaren golardoa.
Bestalde, Replasa Beti-Onakek 24-27 galdu du hirugarren postua eskuratzeko Madeira Portugalgo taldearen aurka jokatu duen neurketa.
Bera Berako jokalariak, Iberiar Superkopa altxatzen. EFE

