Beste kirolak
Golf
LIV Golf zirkuituko txapelketek 4 jardunaldi izanen dituzte, 2026ko denboralditik aurrera
EITB
Horrela, Jon Rahmek jokatzen duen LIV Golf zirkuituak PGA Tour zirkuitora hurbiltzeko saiakera egin du.
-
Jon Rahm; IRUDIA: EFE
Jon Rahmek jokatzen duen LIV Golf zirkuituak bere txapelketek lau jardunaldi izatea erabaki du, lehenago zituzten hiru jardunaldien ordez; hau da, 54 zulo izatetik 72 izatera pasatuko dira, hurrengo denboralditik aurrera.
Erabaki hau 2022an Saudi Arabiak finantzatutako zirkuituaren agerpenak ekarritako korapiloak askatzera bideratuta dago.
LIVek (akronimoa da, eta erromatar zenbakietan "54" erran nahi du) formatuan aldaketa izanen duela jakinarazi du, azkeneko hamarkadetan golfa gidatu duten arauekin bat hobeto egiten duen formatura pasatzeko helburuarekin. Pausoa Saudi Arabiako zirkuitoaren zuzendari nagusi Scott O'Neil estatubatuarrak ekainaren 30ean emandakoaren osagarria; O'Neilek LIV Golfeko Munduko Sailkapenaren barne egoteko eskaera egin zuen, eta eskaera aztertzen ari dira.
LIVekin sortu zen formatu iraultzailea PGA Tour eta Europako DP World Tour zirkuituen formatu tradizionalaren aurka egoteak Golfeko Munduko Sailkapena jokalariak baztertzera behartu zuen; ondorioz, jokalari horietako anitzek ezin izan dute txapelketa handienetan lehiatu, izan ere, horietarako sailkapena rankingaren edo Europako edo Asiako zirkuituen txapelketen bidez lortu behar da.
Saudi Arabiako ligak eskaintzen zituen kontratu eta diruzko sari oparoengatik proiektuan sartu ziren golf jokalarien presioak Zuzendaritza proiektua birformulatzera behartu dute, denboraldia 2026ko otsailean irekiko duen Riadeko txapelketatik aintzin; lau jardunaldietara zabaluko da, jokalariek txapelketa handiak jokatzeko aukera gehiago izateko helburuarekin. Erabakia bultzatu duen jokalarietako bat Jon Rahm izan da; bizkaitarra LIVeko txapelduna izan da, orain arte jokatu dituen bi denboraldietan.

