Itxi

Beste kirolak

ESKUBALOIA

Bera Berak Beti Onak menderatu du derbian (27-30)

EITB MEDIA

Nafarroako taldeak bigarren zati ona egin zuen arren, Donostiakoak izan ziren nagusi, hiru goleko aldeaz, Atarrabian jokatutako partidan.

  • Beti Onak-Bera Bera derbiko irudia

    Beti Onak-Bera Bera derbiko irudia

Super Amara Bera Berak Replasa Beti Onaki irabazi zion, 27-30, asteartean Atarrabian jokatutako derbian, Guerreras Liga Iberdrolaren 11. jardunaldian. Nafarroako taldeak aurre egin zion ligan galdu gabe jarraitzen duen liderrari, nahiz eta haren kontra gailendu ez.

Replasa Beti Onak indartsu hasi zen, 3-0 aurretik, Ayelen Garcia, Luzia Zamora eta Maria Brasilen golei esker. Gipuzkoako taldeak bosgarren minutuan estreinatu zuen markagailua, Gavilanen eskutik, eta Bera Bera hurbil izan zuten arren, Beti Onak zen nagusi (6-4) partidaren lehen ordu laurdenean. Hala eta guztiz ere, Bera Berak ondo erantzun zuen, Lyndie Tchaptchet kantxaratzearekin batera; hala, lau goleko abantaila zutela joan ziren aldageletara (11-15).

Bigarren zatian, Replasa Beti Onak Imanol Alvarezen taldeari hurbildu zitzaion, 17-18, eta berdintzera ere iritsi zen, 21-21, Zamoraren gol batekin. Etxekoak aurretik ipini ziren, 25-24, norgehiagoka amaitzeko hamar minutu falta zirela, baina Alvarezek neurketa berdindu zuen, eta, ondoren, Somazak, Tchaptchetek, Alvarezek eta Erauskinek garaipena Donostiara eraman zuten: 25-30.