Beste kirolak
Europako Liga
Bidasoak Saint Raphael mendean hartu du Artalekun eta bizirik jarraitzen du Europan (33-25)
EITB Media
Horrela, irundarrek averagea berreskuratu dute talde frantziarrarekiko, lau goleko aldea behar baitzuten, eta euren esku dute txapelketan jarraitzea.
-
Bidasoako bi jokalari St.Raphaeleko bati helduta, neurketan zehar. Irudia: EITB
Irudek Bidasoa-Irunek Frantziako St. Raphael garaitu du gaur gauean Artalekun (33-25), Europako txapelketan. Horrela, averagea berreskuratu du talde frantziarrarekiko, lau goleko aldea lortu behar baitzuen, eta bere esku du txapelketan jarraitzea.
Neurketa hasieran oreka izan ondoren, Bidasoak markagailuan aldentzea lortu du, lanari esker. Horrela, irundarrak bost goleko abantailarekin joan dira atsedenaldira (16-11).
Atsedenaldiaren ondotik Alex Mozasek zuzentzen duen taldeak bigarren zatia ikaragarri ondo hasi du, oso sendo defentsan eta oso eraginkor erasoan (21-12). Hala eta guztiz ere, minutu batzuetan berriro ere arazo batzuk izan ditu gola egiteko, eta hori baliatu du talde frantziarrak markagailuan berriro hurbiltzeko (21-15).
Azken txanpan, bidasotarrek ez dute aukerarik eman, berriro estutu eta markagailuan alde egin dute, ia une oro kontrolpean izan duten partida erabakiz.
- Fitxa teknikoa:
33 - Irudek Bidasoa-Irun: Maciel eta Skrzyniarz (atezainak); Xabi Tua (1), Nevado (3), Gorka Nieto (1), Mujika (1), Xabi Gonzalez (5), Rodrigo Salinas (2), Esteban Salinas, Peciña, Jevtic, Dariel Garcia (6, 1 penaltiz), Piotr (6), Valles (4), Matheus (1), Cavero (3 de pen.).
25 - Saint Raphae Var: Rataboul eta Demaille (atezainak), Dessites (1), Mapu (1), Chema Marquez (4), Leyvigne (2), Colman (1), Bataille, Augustine, Soares (2), Sergio Perez (2), Marescot (3), Antonin, Brasseleur (1), Paschal (8, 3 penaltiz).
Markagailua, bost minuturo: 3-1; 7-4; 10-6, 12-8; 14-9; 16-11 - atsedenaldia- 20-12; 21-14; 24-18; 28-19; 32-21; 33-25.
Epaileak: Ismail Metalari eta Nenad Nikolovski (Ipar Mazedonia). Nevado, Peciña, Jevtic, Matheus (2), Sergio Perez, Levigne eta Bataille egotzi dituzte.
Europako Ligako laugarren jardunaldiko norgehiagoka Artalekun, 1.600 zale ingururen aurrean.

