Beste kirolak
Hurrengo erronka: Hawaii
Eneko Llanos denboraldi bikaina egiten ari da
Erredakzioa
Denboraldi bikaina egiten ari da gasteiztarra: sei proba korritu ditu, lau irabazi ditu eta guztietan igo da podiumera.
Eneko Llanos kazetarien aurrean azaldu da gaur, berriki Europako triatloi txapelketa irabazi eta gero, orain arte egin duen denboraldi bikainaren inguruan mintzatzeko. Europako txapelaz gain, beste hiru garaipen, bigarren postu bat eta hirugarren postu bat erdietsi ditu nazioarte mailako probatan. Basque Teamen babespean, euskal triatloilariak sasoiko ekingo dio aurten denboraldiko hitzordurik garrantzitsuenari, urriaren 12an jokatuko den Hawaiiko Ironmanari.
Azken bost hilabeteetan, Eneko ez da podiumetik jaitsi: Abu Dhabiko nazioarteko triatloian bigarren izan zen (martxoaren 2a), Melbournen bertako Ironmana irabazi zuen (martxoaren 24a), gauza bera egin zuen Thomas Cook Mallorcako sarian (maiatzaren 11), Ironman 70.3 St Pölten sarian hirugarren izan zen, Vienan (maiatzaren 26a), eta Zarauzko hitzorduan ere gailendu zen (marmoka asko zeudenez, duatloia egin behar izan zuten, ekainaren 8an).
Garaipen sorta joan den igandean biribildu zuen Enekok Frankfurten, bertako Ironmana eta Europako txapelketa eskuratuz; zazpi ordu, berrogeita hemeretzi minutu eta berrogeita hamazortzi segundoko denbora egin zuen.
36 urterekin, inoizko euskal triatloilari onena da Eneko, eta, gaurtik aurrera, denboraldiko helburu nagusira bideratuko du prestaketa, Hawaiiko Ironmanera. Bertan azken bi urteetan proba amaitu ez izanak utzitako zapore garratza gozatu nahiko du. 2008an lortu zuen Enekok emaitzarik aipagarriena Hawaiin: bigarren izan zen.
Kirol-ibilbidea
Eneko Llanos Gasteizen jaio zen 1976ko azaroaren 30ean. Igeriketan eta duatloian hasi zen, eta, 16 urte zituela, triatloirako jauzia eman zuen, SVC Seguridad talde gasteiztarrarekin. Bi aldiz hartu du parte Olinpiar Jokoetan (23. izan zen Sidneyn, 2000n, eta Atenasen 20. amaitu zuen 2004an). Hortik aurrera, distantzia luzeetan aritu izan da, eta emaitza bikainak lortuta gainera.
2003an, Munduko Txapeldun izan zen Eivissan, Hawaiiko Ironmanean 5. sailkatu zen lehen parte hartzean (2006), eta, bi urte geroago, podiumera igo zen, bigarren postuan helmugaratuz (guztira zazpi ediziotan hartu du parte). Lanzaroteko Ironmana bi aldiz irabazi du (2007 eta 2010), Texasekoa eta Arizonakoa ere irabazi ditu (2011), Mauiko XTerra txapelketako bi edizio eskuratu ditu (2003 eta 2009), eta, 2010ean, Abu Dhabiko nazioarteko proba eta Gasteizen jokatutako distantzia luzeko Europako txapelketa eskuratu zituen.