Beste kirolak
Munduko atletismo txapelketa
Kiprotich txapeldun olinpikoa jaun eta jabe izan da maratoian
Erredakzioa
Ugandako korrikalariak bere iheskidea atzean utzi du eta ohorezko azken itzulia bakar-bakarrik eman du jendearen txaloen artean. Bere denbora: 2h09:51.
-
Stephen Kiprotichek titulu olinpikoa irabazi zuen duela urtebete Londresen. Efe.
Stephen Kiprotich txapeldun olinpikoak munduko titulua lortu du Moskun jokatutako maratoian. Ugandakoak Lelisa Desisa etiopiarra atzean utzi du azken kilometroan. Desisak zorigaiztoko Bostoneko maratoia irabazi zuen duela hilabete batzuk.
Kiprotich bakarrean sartu da Moskuko estadioan eta azken itzulia jendearen txaloen artean eman du. Ugandarrak 2 ordu 9 minutu eta 51 segundoko denbora egin du, Desisak baino 21 segundo gutxiago.
Brontzezko domina beste etiopiar batek irabazi du, Tadesse Tolak hain zuzen. Bere denbora 2 ordu 10 minutu eta 47 segundokoa izan da. Laugarren Tsegay Kebede sartu da.