Itxi

Beste kirolak

EiTB Maratoia

EiTB-Pagasarri, 12 ordutan, Iker Karreraren erronka

Erredakzioa

EiTBtik Pagasarrira ahal bezainbeste alditan igotzen saiatuko da, 12 orduz, transplanteen aldeko kanpainari bultzada emateko asmoz.

  • Iker Karrera.

    Iker Karrera. Argazkia: corredores-de-montana.blogspot.com

Iker Karrera mendi korrikalariak EiTB Maratoiaren aldeko erronka gauzatuko du gaur. Mendi Film Jaialdiaren eta Forum Sporten laguntzarekin, Pagasarrira ahal bezainbeste alditan igotzen saiatuko da, goizeko bederatzietatik gaueko bederatziak bitartean, etenik gabe. Transplanteak ditu ardatz aurten EiTB Maratoiak, eta ostegunekoa, hain justu, egun nagusia izango da, informazio eta sentsibilizazio kanpainari amaiera emango dion elkartasun eguna.

Amezketako kirolariaren helburua, kirol markak finkatzea baino, kanpainari bultzada ematea izango da: organo-emateak daukan garrantziaz ohartaraztea, eta organo eta ehunen transplanteen gaineko ikerketarako fondoak biltzea, 'Oparitu bizia' leloarekin bat eginez.

Goizeko 9etan du hitzordua Iker Karrerak EiTBren Bilboko egoitzaren atarian. Maite Iturbe zuzendari nagusia alboan duela jarriko dira abian kirol erronka eta elkartasun eguna.

Zenbait aurpegi ezagunek Ikerrekin batera korrika egingo dute egunean zehar. Goizeko 11etan, Gotzon Mantuliz 'El Conquistador del Fin del Mundo' saioko lehiakide ohia abiatuko da; eguerdiko 13:00etan, Iraia Iturregi eta Ainhoa Tirapu Athleticeko jokalariak; 14:00etan, Andoni Aizpuru 'Eguraldia' saioko aurkezlea; eta 17:00etan, Javi Conde kirolari paralinpikoa. Condek, gainera, 1.000 euroko txekea emango du.

CompaRace enpresaren laguntzaz, lasterketa GPS bidez jarraituko da. Honenbestez, une oro Iker nondik nora dabilen jakin ahal izango dugu.

Jaiotzez amezketarra den arren, Iker Karrera Tolosan bizi da, eta bertako kirolariek 2013ko kirol merezimenduaren saria eman diote berriki, aurtengo denboraldi bikainagatik. Sei lasterketa irabazi ditu; tartean, Tor des Geants mitikoa, munduko mendi maratoirik gogorrena. Italian jokatutako proban ez ezik, Europako mendien ibilaldian eta Eiger Ultra Trail, Gran Raid des Pyrenees eta Tor des Geants probetan ere izan da garaile.