Beste kirolak
Neguko Olinpiar Jokoak
Eguibar: 'Zein azkar joan naizen ikusita, domina irabaz nezakeen'
Erredakzioa
"Egindakoarekin gustura nago. Atzo ez nuen neure burua hemen ikusten", esan du Sotxiko snowboardcross proban parte hartu ondoren.
Sotxiko Neguko Olinpiar Jokoetan snowboardcross proban zazpigarren egin ondoren, 'zein azkar' joan den ikusita 'dominaren bat' irabaz zezakeela adierazi du Lucas Eguibar kirolari euskaldunak.
"Nire ustez, jendeak gerta zitekeena ikusi behar du, fisikoki aurrean egoteko moduan nengoelako. Sasoiko iritsi naiz jaitsieretara, eta horrek ahalegin fisiko ikaragarria eskatzen du. Eta jendeak horrekin geratu behar duela uste dut", esan du donostiarrak. Eguibar munduko txapelduna izan zen junior mailan, eta urtarrilean bigarren egin zuen Vallnorden, Andorran, Munduko Kopako proba batean bigarrenez podiumera igota.
"Erori egin naiz. Kevin Hill kanadiarrarekin estropezu egin dut eta hori da gertatu dena. Hori kenduta, gainerako txandetan izugarri ondo egin dut jaitsiera. Eta orain, final txikian, ere bai", azaldu du Eguibarrek Rosa Khutorreko Extrema Parkeko helmugan.
"Oso pozik nago; berez, ez nago % 100ean, orpoagatik. Goizean min ematen zidan, eta oraindik ere min daukat", azaldu du donostiarrak.
"Egindakoarekin gustura nago. Atzo ez nuen neure burua hemen ikusten", gaineratu du.