Beste kirolak
Kangchenjunga
Alex Txikonek bukatutzat eman du espedizioa
Erredakzioa
Bere ezkerreko oineko behatz lodiko izozteak ez du hobera egin, eta berriro ez saiatzea erabaki du.
-
Alex Txikonek bukatutzat eman du espedizioa
Alex Txikonek bere espedizioa Kangchenjungan bukatutzat ematea eta etxera itzultzea erabaki du. Bere ezkerreko oineko behatz lodiko izozteak ez du hobera egin ardurak eta sendaketak jasan dituen arren eta bai bere medikuei bai bere espedizio-kideei kontsultatu ondoren berriro gailurrera heltzea ez saiatzea erabaki du. Alpinista bizkaitarrak bere blogean azaldu duen bezala "behatzean dudan izozte gradua ez da oso handia, baina berriro ere igotzen banaiz eta berriro ere hozten bada galtzeko arriskuan jarriko naiz".
Alexek espedizioa amaitzen du penarekin gailurreraino iristeko ehun metrotara besterik ez geratu ondoren eta Adam Bielecki poloniarrak bakarrik egingo duen bigarren saiaketan lortzea posibilitate asko daudela pentsatzen duelako. "Jadanik lanik gogorrena eginda dago eta bidea gailurreraino irekita dago. Adamek eta nik 8.400etaraino eta Denisek goraino irekita". Baina "egia esan, nire bizitzako momento honetan, oraindik behatz bat gailur batera nahiago dut".
Alex gaur bertan abiatu da oinez Tapleljung herrirantz, Kangchenjunga-ra hurbiltzeko trekkingaren hasierako puntua eta hiru edo lau egunetan iristea espero du. Gero autobusez abiatuko da Katmandura, izoztea tratatzeko lehenbailehen Espainiara hegan egitea espero duen lekura.
Adam kanpamentu nagusitik abiatuko da gailurrerantz 25ean hiru egunetan gero, 28an, zapaltzeko asmoz. Beste alde batetik, Artem Braun eta Dmitri Sinev errusiarrak atzo abiatu ziren hego isurialdeko Kanpamentu Nagusirantz, datozen egunetan igotzen saiatuko diren lekurantz. Denis Urubko, espedizio burua, kanpamentu nagusian dago eta Adamen zain dago Katmandura itzultzeko.
Ondoren, Alex agur gisa bere blogean idatzi duen testuaren berri ematen dugu:
"Gaur maiatzaren 23a da. Badira hilabete eta hiru egun kanpaleku nagusi honetara heldu ginenetik, eta egun arraroa da gaur. Aldaketak eta emozioak airean. Gogoratzen dut, oraintxe balitz bezala, menditzar hau eskalatzeko ahaleginean ginenean, eta dendako atetik burua ateratzen badut hortxe ikusten dut oraindik. “Ahaleginean ginenean” diot, nire udaberria amaitu delako, espedizioa bukatutzat ematen dudalako. Gauzak batu eta etxera itzultzeko garaia heldu da. Atsekabeturik hartu dut erabakia, aukera egokiena zein izango ote zen burua hausten ordu asko pasatu ostean. Baina ezker oineko behatz nagusia nola daukadan ikusita, eta medikuek nahiz Adamek eta Denisek eman dizkidaten aholkuei kasu eginda, uste dut onena etxerantz abiatzea izango dela.
Une honetan, izozketa maila ez da larriegia, baina goranzko bidea hartuz gero, berriro hoztu daiteke eta, orduan bai, behatza galtzeko arriskua legoke… Eta, egia esateko, bizitzako une honetan, oraindik ere nahiago dut behatza tontorra baino. Azken batean, Kangchenjunga beti egongo da hemen, eta itzuli ahal izango naiz nahi dudanean. Baina behatza galduz gero, hori bai, betirako izango da.
Ez dut ezkutatuko, ezta ere, pena pixka batekin noala hemendik; frustrazio izpi batekin beharbada. 2009an 8.500 metrotan geratu nintzen, eta aurten ere antzeko: 8.450 metrotan. Aurreneko hartan hegoaldetik, eta aurten iparraldetik. Sekula ez dit mendi batek honek bezain gogor egin…
Baina uste dut orain hobe dela espedizio honen alde ona gogoratzea, zeinen ondo pasatu dugun, zer nolako alpinista puskak ezagutu ditudan, Denisekin lortu dugun gailurra. Eta gozatu dugun guztia. Sufritu dugu baita ere, gogotik, baina egin dugun apurra edo guztia bost lagunen artean egin dugu: Adam, Denis, Arteum, Dima (Dimitri) eta ni neu. Zintzotasunez eta errespetutik egin diogu aurre mendiari, dena emanda. Eta berak errespetua itzuli digu Denisen gailurra ahalbidetuz; eta lortuko ahal du Adamek hemendik egun batzuetara! Bihotz bihotzez espero dut posible izatea, zinez merezi duelako.
Orain motxila egin eta etxera itzultzea dagokit niri. Taplejung-era arte oinez jaitsiko naiz, eta han autobusa hartuko dut Katmandura arte. Espero dut 8 edo 10 egunetan Euskal Herrian egotea. Seguru aski, ez da planik onena nire oinarentzat, baina, batzuk pentsa dezaketenaren aurka, hau espedizio apala da, eta ez daukagu hemendik ateratzeko helikoptero bat ordaintzerik.
Mila esker jarraitu nauzuen guztiei, eta laster arte".