Beste kirolak
Sei urteren ostean
Vettelek Red Bull taldea utziko du denboraldiaren amaieran
Erredakzioa
"Gaztetatik ibili da gurekin, eta orain, heldutasunera iritsita, aurrera egiteko unea dela erabaki du. Bere aukera da. Guk ez diogu joatea galaraziko", esan du Christian Horner taldeko arduradunak.
-
Sebastian Vettel, Koreako Sari Nagusiko podiumean. Efe.
Sebastian Vettel pilotu alemaniarrak Red Bull taldea utziko du denboraldiaren amaieran, talde austriarrak Japoniako Sari Nagusian jakinarazi duenez. Vettel lau aldiz izan da 1 Formulako munduko txapeldun.
"Sebastianek bart eman digu bere erabakiaren berri. Hunkigarria izan da, baina iragana begi onez ikusi behar dugu", azaldu du Christian Horner Red Bulleko arduradun nagusiak. "Berarekin bizi izan ditugun momentu handiak gogoan izan behar ditugu, munduko zortzi txapel irabazi baititugu Vettelekin, taldekako lau titulu eta banakako beste lau. Guztira, 38 aldiz gailendu gara sari nagusietan".
"Gaztetatik ibili da gurekin, eta orain, heldutasunera iritsita, aurrera egiteko unea dela erabaki du. Bere aukera da, eta guk ez diogu joatea galaraziko. Momentu hunkigarria da guretzat", azpimarratu du.
Bestalde, Vettelek utziko duen lekua Daniil Kvyat 20 urteko errusiarrak beteko duela iragarri du Hornerrek. Kvyat Toro Rosso taldean ari da aurten.