Beste kirolak
Tenisa
Djokovicek irabazi du Australiako Irekia, seigarren aldiz
Agentziak | Erredakzioa
Finalean, Andy Murray britainiarrari gailendu zaio, hiru setetan. Serbiarrak marka ezarri du; izan ere, inork ez du berak beste titulu eskuratu Melbournen, eta Roy Emersonen errekorra berdindu du.
-
Roy Emersonen marka berdindu du Djokovicek, titulua eskuratuta. Argazkia: EFE.
Novak Djokovic serbiarrak Australiako Irekia irabazi du, finalean Andy Murray britainiarrari gailenduta. Seigarren aldiz lortu du Djokovicek titulua Melbournen, eta marka ezarri du; izan ere, inork ez ditu berak beste titulu Australiako Irekian. Roy Emerson mitikoak bakarrik ditu serbiarrak adina, gaurtik aurrera.
6-1, 7-5 eta 7-6 (3) irabazi du finala munduko bat zenbakidunak. Murrayk 2 ordu eta 53 minutuko erresistentzia sortu dio txapeldunari, baina Belgradoko jokalaria oso sendo ibili da eta Murrayk berak behar baino huts gehiago egin ditu.
2015eko finalaren errepikapena zen, eta orduan ere irabazi zuen Djokovicek. Serbiarrak 46. aldiz lortu du irabaztea txapelketa bat pista gogorrean. Roger Federer suitzarrak soilik ditu berak baino titulu gehiago azal mota horretan: 60 ditu Federerek, alegia, Djokovicek Australiako finalerdietan kanporatu duen jokalariak. Ivan Lendlek 26 ditu; Pete Samprasek, 36; eta Andre Agassik, 46.
Hamaika Grand Slam
Igande honetan erdietsitakoa kontuan izanik, hamaika Grand Slam ditu palmaresean Djokovicek: Australiako Irekia sei aldiz irabazi du (2008an, 2011n, 2012an, 2013an, 2015ean eta 2016an), Estatu Batuetako Irekia bi aldiz (2011n eta 2015ean) eta Wimbledon beste hiru aldiz (2011n, 2014an eta 2015ean).
Soilik falta zaio Roland Garros, buztinean jokatzen den bakarra, lau handiak izateko. Hori izango da munduko bat zenbakidunaren hurrengo erronka. Melbournen, tituluaz gain, 2,2 milioi euro erdietsi ditu.