Beste kirolak
Alpetar estiloa
Broad Peak 2010: Iñurrategi, Zabalza eta Vallejo; Islamabadera
BAT
Erredakzioa
Uztailaren hasieran planetako hamabigarren mendi garaienaren hiru tontorretara iristea da Broad Peak 2010 espedizioaren helburua.
Alberto Iñurrategi, Mikel Zabalza eta Juan Vallejo zailtasun tekniko eta eskakizun fisiko handiko igoera berritzaile baten alde apustu egin dute berriro ere, alpetar estiloari atxikiz: soka finkorik gabe, altuerako kanpamentu egonkorrik gabe eta oxigeno artifizialik gabe.
Hiru espediziokideek Loiuko aireportutik abiatu dira gaur goizeko 7:30etan, BAT Basque Teamek eta Naturgas Energiak babesten duten Broad Peak 2010 espedizioari hasiera emanez. Hiru euskal mendizaleek planetako hamabigarren mendirik garaienaren hiru gailurretara iritsi nahi dute uztailaren hasieran, eta alpetar estiloan egin nahi dute: soka finkorik gabe, altuerako kanpamenturik gabe, garraiatzailerik gabe eta oxigeno artifizialik gabe.
Dena aurreikuspenen arabera betetzen baldin bada, Madrilen eta Dohan (Qatar) eskala egin ondoren, espediziokideak larunbatean iritsiko dira Islamabadera. Pakistango hiriburutik Askole herrira joango dira gero, hortxe finkatu baita kanpamentu nagusira igotzeko abialekua. Kanpamentu nagusia Broad Peaken hegalean kokatuta dago, 4.900 metroko altitudean. Beharrezko egokitzealdia osatu ondoren, uztailaren hasierarako gailurrera igotzeko prest egotea espero dute.
Iñurrategik, Zabalzak eta Vallejok beste zortzimilako bat igo nahi dute alpetar estiloan, mendi berezi honen hiru gailurretara iristeak dakarren zailtasun tekniko eta eskakizun fisiko apartarekin, bi aldiz baino ez baita lortu alpinismoaren historia osoan. Eta horrez gain, igotzeko bide berri bat ireki nahi dute.
Broad Peak-en hiru tontorrek 7.550 metro (Iparreko gailurra), 8.013 metro (erdikoa) eta 8.047 metroko (gailur nagusia) altuera dute, hurrenez hurren. Hiru tontorrak ekinaldi bakar batean egitea egundoko desafioa izango da. Orain arte, Kukuczka eta Kurtyka poloniarrek lortu zuten 1984 urtean, eta Hattori, Kitamura eta Todaka japoniarrek 1995ean.
Broad Peak (“tontor zabala” edo Phalchan Kangri, bertako baldiarrek esaten dioten moduan) Pakistango Karakorumen kokatuta dago, Txinarekiko mugatik hurbil. 1954an antolatu zen mendi hau igotzeko lehen espedizioa, eta 1975era arte ez zuen inork lortu erdialdeko gailurreraino iristea.