Itxi

Beste kirolak

8.013 metro

Broad Peak: Larunbat honetan, erdiko zortzimilakoa helburu

Erredakzioa

Arrokaz eta izotzaz osatutako piramidea da, oso gutxik igotakoa eta teknikoki tarte zailak bezain ikusgarriak eskaintzen dituena.

Broad Peakeko gailurrak zeharkatzeko ahaleginean, Ipar eta Erdiko tontorren artean dagoen lepora (7.350 m.) iritsi dira berriz Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza.
Aurreko astean zabaldu zuten bide berritik igo dira Naturgas-Broad Peak espedizioko kideak: oinarrizko akanpalekutik leporaino 2.500 metroko desnibela gainditzen duen izotz eta elurrezko aldapa itzeletik, uztailak 8 eta 9an Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak igo zuten arte sekula inork burutu ez zuena.

Ostegunean 6.400 metroan dagoen pitzadura bateraino igo ziren, eta haren babesean gaua igaro ondoren, gaur goizeko 5.30etan (Pakistango ordua) bidearen bigarren zatiari ekin diote: malda oso pikoa, 45 gradutik gorakoa beti ere, aurreko aldian baino oztopo gehiago jarri diena: “Elurra sakonagoa zen eta arrastoa zabaltzen ahalegin handia egin behar izan dugu”, azaldu du Mikel Zabalzak, oinarrizko akanpalekura walkie-talkie bidez egin duen deian. Hala ere, goizeko 11.15etan iritsi dira mendizaleak lepora, igoeran 5 ordu eta 45 minutu eman ondoren, aurrekoan baino pixka bat gutxiago.

Ordu batzuz denkantsatu ondoren Alberto Iñurrategi Iparreko gailurrera iritsi da, lehendabiziko saiakeran hirurek egin zuten bezala. Bihar erdiko gailurra igotzen ahaleginduko dira (8.013 metro), arrokaz eta izotzaz osatutako piramidea, oso gutxik igotakoa eta teknikoki tarte zailak bezain ikusgarriak eskaintzen dituena. Gailurra lortzen dutenean euskal alpinismoak zortzimilako baten bide berri bat zabaltzen duen lehen aldia izango da.

Arratsaldea dendan pasako dute, atseden hartzen, jaten eta batez ere edaten. Larunbatean Erdiko Gailurra igotzen saiatuko dira (8.013 m.), izotz eta harkaitzezko piramide hautsi bat, zeharkaldiko gunerik zailenak, teknikoenak eta baita ederrenak ere eskaintzen dituena. Ondo bidean, Gailur Nagusiaren igoera etorriko da ondoren (8.047 m.) zeharkaldia amaitzeko.