Beste kirolak
Valerio Annovazzi
Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak alpinista bat erreskatatu dute G-IIan
Agentziak | Erredakzioa
"Guretzat hauxe da sinesten dugun alpinismoaren adibiderik adierazgarriena (…). Espedizioa bertan behera uztearen kolpearen ostean, oso pozik gaude", esan dute.
-
Alberto Iñurrategi eta Valerio Annovazzi, jaitsieran. Argazkia: WOPeak.
Alberto Iñurrategik, Juan Vallejok eta Mikel Zabalzak Valerio Annovazzi alpinista italiarra erreskatatu dute G-II mendian. 59 urteko alpinistak lau egun zeramatzan G-IIko hirugarren kanpamenduan mugitu ezinik.
Euskal mendizaleen taldeak aditzera eman duenez, Iñurrategi, Vallejo eta Zabalza beheko kanpamenduan zeuden, etxerako bidaia prestatzen, "espedizio komertzial bat" iritsi denean. Gasherbrum II menditik zetozen, eta "Annovazzi falta zitzaien".
Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak haren bila joatea erabaki dute astelehen goizean "bidea gelditu gabe eginez, Annovazzi zegoen lekura lehenbailehen iristeko helburuarekin". Azkenean, 12 ordu behar izan dituzte haren ondora iristeko.
"Italiarra deshidratatuta zegoen eta izozketa zantzuak zituen. Hori dela eta, ez da ausartu aurrera egiten, azken lau egunak 7.000 metrora eta ia jan eta edan gabe eman ostean", azaldu dute.
Euskal mendizaleak italiarra zegoen tokira iritsi dira, eta "jatekoa, edatekoa eta botikak" eman dizkiote. Ondoren, "bigarren kanpamendura (6.500 metrora) jaistea erabaki dute, eta bertan igaro dute gaua".
"Valerio, bere kabuz"
Asteartean, lau alpinistak beherantz abiatu dira, "Valerio ere bere kabuz ibiltzen", eta beste hirurak gertu izan ditu denbora osoan. "Baldintza meteorologiko hauetan, helikopteroak ezin zuen honaino iritsi", azaldu dute.
"Guretzat hauxe da sinesten dugun alpinismoaren adibiderik adierazgarriena. Pozik gaude, hau delako gainik onena. Bizitza da mendi gainik garrantzitsuena. Espedizioa bertan behera uztearen kolpearen ostean, oso pozik gaude", esan dute.