Beste kirolak
Emakumeen Nazioarteko Eguna
Kirol munduko soldata arrakala, zauri ireki eta mingarria
Agentziak | Erredakzioa
Aldarrikapen hori gero eta emakumezko kirolari gehiagok egiten dute bere, sari gisa eta babesleen aldetik gizonezko kirolariek baino askoz ere gutxiago kobratzen dutela ikusita.
-
Williams ahizpak
Emakumeen Nazioarteko Egunean grebara deitu dute. Mugimendu feministek agerian utzi nahi dute emakumerik gabe herrialdea gelditu egingo litzatekeela. Helburu gehiago dituzte, hots, indarkeria matxista eta sistema patriarkala salatzea.
Horregatik, greba lau esparrutan egiteko deia egin dute: enpleguan, hezkuntzan, pertsonen zaintzan eta kontsumoan. Berdintasunik eza eta indarkeria matxistak agerian uzteko une historikoari helduko diete emakumeek martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean.
Horrez gain, kirol munduan ere badauden bidegabekeriak salatu nahi dituzte. Diru gehien irabazten dituzten lehenengo 100 kirolarien artean emakume bakarra dago, Serena Williams (51. postuan).
2017. urtean diru gehien irabazi zuen kirolaria Cristiano Ronaldo izan zen; 75 milioi euro jaso zituen. Williamsek, ordea, 21,8 milioi euro irabazi zituen.
Txirrindularitzan, Movistar Team taldean, emakumeek 1.000 euroko soldata dute, gizonezkoetan gutxien kobratzen duenaren herena.
Futbolean, Olympique Lyon taldeko jokalariek, batez beste, 164.000 euro irabazten dituzte hilean. Klub bereko emakumezkoen taldean iaz diru gehien irabazi zuen jokalariak, Alex Morgan jokalari estatubatuarrak, 650.000 dolar jaso zituen.
Azken hilabeteetan gizonezkoen eta emakumezkoen sariak parekatu dituzte hainbat txapelketatan, baina kasu berezirik ere bada Euskal Herritik gertu. Laredoko La Invernal surf txapelketaren 3. edizioan (2018ko urtarrilaren 27an eta 28an jokatu dute), gizonezkorik onenari 2.000 euro eman zizkioten; emakumezko onenari, berriz, 500 baino ez.