Beste kirolak
RED BULL jauziak
Larunbatean, Bilbon, munduko jauzilari onenak
eitb.eus
Munduko hamalau jauzilari onenak Bilbon izango dira lehian, besteak beste, Jonathan Paredes mexikarra eta Gary Hunt, King Kahekili trofeoa lortu zuena Salbeko zubian 2015. urtean.
-
Imagen de 2015
Azkenekotik (2015. urtean) hiru urte igaro ondoren, Red Bulleko jauzi ikusgarrien proba bat, Bilbo, Guggenheim museoa, Salbeko zubia eta itsasadarra berriz izango dira Red Bull Cliff Diving World Series izenekoen agertokiak.
Munduko hamalau jauzilari onenak Bilbon jardungo dute lehian hurrengo larunbatean, besteak beste, Jonathan Paredes mexikarrak. Munduko serieen egungo txapelduna da, Lago Rancon (Txilen) joan den urrian 2017ko denboraldiko garailea izan ondoren. Paredes Bilbon egin den aurreko bi aldietan igo da jauzien plataformara , Athletic Clubaren kamisetarekin jantzia eta, ondorioz, jendearen txaloak eta adeitasuna jaso ditu.
Halaber, Bilbon egongo dira Orlando Duque kolonbiarra, bizkarrean munduko hamahiru titulu dituena, eta Gary Hunt, britainiar ia garaiezina, King Kahekili trofeo gutiziatua lortu zuena Salbeko zubian 2015. urtean. Blake Aldridge herrikidea, Ipar Amerikako David Colturi, Andy Jones eta Steven LoBue; Artem Silchenko errusiarra, 2014ko txapelduna; Kris Kolanus poloniarra, Texasen lehenengo geldialdian irabazlea; Alessandro de Rose italiarra eta Michal Navratil txekiarra; horiek ere lehenago aritu dira Bilbon, gehienak bi edizioetan, gainera.
Guztiak bat datoz “Bilbo jende onena duen hiria da. Animatzen gaituen jende guztiaren berotasuna ez da ohikoa eta ahaztezina da”, komentatzen du sarritan Paredesek.
Horiei lehenengoz hurrengoak elkartuko zaizkie Bilbon: Carlos Gimeno, wildcard kanariarra, Alain Kohl eta Oleksiy Prygorov.
ENTRENAMENDUAK
Lehenengo entrenamenduak ostegunean, ekainaren 28an, 16:45etik 19:00etara egingo dira Salbeko zubian. Ostiralean, 29an, diverrak berriz ere zubiko plataformatik, 27 metroko altueratik, itsasadarrean murgilduko dira. Berriz entrenatzeaz gain, baztertzeko lehenengo txanda egingo da (17:00etatik 19:00etara).
Larunbatean, ekainaren 30ean, munduko serieen bigarren geldialdia antolatuko da 17:00etatik aurrera. 19:25ean sariak banatuko dira, eta 2018. edizioko txapelduna izendatuko da.
Ekitaldian, uretan edo lehorrean, egon ezin dutenek zuzenean ikus dezakete www.redbull.tv bitartez ekainaren 30ean, 18:45etik aurrera.
GERALEKUEN EGUTEGIA
Red Bull Cliff Diving World Series 2018ko geralekuen egutegia:
Ekainak 2 / Possum Kingdom Lake, Texas (AEB)
Ekainak 30 / Bilbo
Uztailak 14 / San Miguel, Azoreak (Portugal)
Abuztuak 5 / Sisikon (Suitza)
Abuztuak 25 / Kopenhage (Danimarka)
Irailak 8 / Mostar (Bosnia eta Herzegovina)
Irailak 23 / Polignano a Mare (Italia)