Beste kirolak
Amerikar futbola
Yruretagoyena euskal-amerikarra Oregon ducks taldeak fitxatu du
Igor Lansorena
Erredakzioa
Oregoneko Unibertsitateak Andre Yruretagoyena ‘offensive tackle’ posizioko jokalaria fitxatu du Chaparral Scottsdale institututik. Estatu Batuetako eraso lerroko hamargarren jokalaririk onena da.
Jendea bere abizena entzutean ahozabalik gelditzen da. Gero ahozkatzen saiatzen dira, lortu gabe. Hala ere, bere izena oso ezaguna da Scottsdalen, Arizonan, bere institutua estatuko txapelduna izatera eraman duelako. Orain, Oregoneko Unibertsitateak fitxatu egin du eta ziur Estatu Batuetako mendebaldean ezagunagoa izango dela.
Andre Yruretagoyena, Chaparral Scottsdale institutuko eraso lerroko jokalaria, Estatu Batuetako eraso jokalarien artean hamargarren aukeratua izan da. Datorren denboraldia hasteko hilabeteak falta direlarik, gaztea helburu berriei begira jarri da: “Estatu Batuetako titulua lortzea” azaldu du esklusiban eitb.comen.
Bere azken denboraldia Chaparral institutua ezin hobeto joan da. Scottsdaleko insitutuak estatuko txapelketa irabazi zuen eta Yruretagoyena partida bikaina jokatu zuen. “Oso ondo jokatu nuen, jokatu ditudan partidetatik onenetakoa” adierazi du Andrek.
“Helburuak betetzen dituzunean ondo sentitzen zara. Estatuko txapelketa azken bi urteetan irabazi dugu, ikaragarria izan da” adierazi du euskal-amerikar erasotzaileak.
Yruretagoyenak Oregon aukeratu zuen, Arizonako edo Arizona Estateko unibertsitateak hurbilago izan arren. “Oregoneko Unibertsitaean erosoan sentitu naiz. Lan bikaina egiten ari dira eta bertan izan nahi dut. Eraso sistemak nire institutukoaren antzekoak dira eta gainera senideak ditut Oregonen”, azaldu digu Andrek.
Oregonen, gainera, Tyler Johnstonekin batera jokatuko du erasoko lerroan. Txikitan lagunak izan ziren biak. “Tylerrek eta nik haurtzaindegian andereño bera izan genuen Vancouverren (Washington) bizi ginenean. Futbolera batera jokatzen genuen eta lagun onak ginen. Nire gurasoak banadu zirenean Arizonara joan nintzen eta ezin izan nuen Tyler agurtu. Hala ere, pasa den udan batera izan ginen”.
Andre Yruretagoyenak ezere gutxi daki bere euskaldun abizenetik, baina agian Oregonen zerbait gehiago ezagutu dezake. Gainera, Euskadira etortzea bere etorkizuneko ametsen artean dago: “Asko gustatuko litzaidake hara joatea, nire amtesetako bat da. Ez dakit asko Euskadiri buruz, baina Oregonen euskal etxeren bat aurkitzea espero dut”, adierazi du euskal-estatubatuarrak.