Beste kirolak
Surfa
Surfaren Hirien Munduko Sarea Donostian bilduko da ostiralera arte
Agentziak | Erredakzioa
Sareak nazioarteko topaketa egingo du Gipuzkoako hiriburuan azaroaren 21etik 23ra arte, eta sarea osatzen duten mundu osoko 12 hirietako ordezkariak bilduko ditu.
Surfaren Hirien Munduko Sareak (World Surf Cities Network) nazioarteko topaketa egingo du Donostian asteazken honetatik ostiralera arte, azaroaren 21etik 23ra arte, eta sarea osatzen duten mundu osoko 12 hirietako ordezkariak bilduko ditu.
Sarean parte hartzen duten hiriak abian jartzen ari diren proiektuak eta lan egiteko moduak partekatuko dituzte bertan.
Surfaren Hirien Munduko Sarea, aberastasuna sortzeko jarduera bezala, surfa garatzeko estrategia duten hirien arteko lankidetza bermatzen duen sarea da. Hiri horien helburua tokiko lehiakortasuna areagotu eta surfaren sektorean berrikuntza irekiaren bidez enplegua sortzea da.
Gaur egun, Europako, Amerikako, Afrikako eta Ozeaniako 12 hirik osatzen dute. Orain arte, Gold Coast (Australia), Santos (Brasil), Durban (Hegoafrika), Ericeira eta Viana do Castelo (Portugal) eta Arica (Txile) hirietan egin dira urteko bilerak, eta aurten, esan bezala, Donostian bilduko dira sareko kideak.
Hiri hauetako ordezkariak izango dira Gipuzkoako hiriburuko topaketan: Arica (Txile), Santos (Brasil), Montañita (Ekuador), Huanchaco (Peru), Durban (Hegoafrika), Lacanau (Frantzia), Gold Coast (Australia), New Plymouth (Zeelanda Berria), Viña del Mar (Txile), Mafra (Portugal), Viana do Castelo (Portugal) eta Donostia.