Beste kirolak
Sant Cugaten
Elena Loyo, maratoi erdiko Espainiako txapeldun
Erredakzioa
Ordubete, 13 minutu eta 16 segundoko marka eginda, titulua kendu dio iazko txapelduna izan zen Teresa Urbinari.
-
Elena Loyo. Argazkia: EiTB
Elena Loyo da maratoi erdiko Espainiako txapeldun berria. Arabako korrikalariak, ordubete, 13 minutu eta 16 segundo behar izan zituen 21 kilometroko ibilbidea betetzeko. Iazko txapelduna izan zen Teresa Urbinak amaitu zuen bigarren.
Lasterketaren buruan zihoan korrikalarien multzoak, 17 minutu eta 32 segundotan pasa zituen lehen bost kilometroak. Multzo horretan zihoazen, Majida Maayouf, Elena Loyo eta Maria Teresa Urbina.
Hamargarren kilometrorako, ordea, Loyo eta Urbina geratu ziren lasterketaren buruan. Titulua bien artean erabakiko zen. Hamargarren kilometroa, 34 minutu eta 44 segundotan gainditu zuten arabarrak eta Caceresekoak. Atzerago zetorren Tania Carretero, hirugarren postuan, 27 segundora.
Azken txanpan, Elena Loyok jaitsiera txiki bat baliatu zuen erritmoa bizitu eta Teresa Urbina atzean uzteko. Ondorioz, garaipena lortu zuen, helmuga gurutzatzen lehena izan ostean. Loyok 35 segundo atera zizkion bigarren izan zen Urbinari.