Itxi

Beste kirolak

EHF Kopa

Bera Berak galdu egin du Brasoven aurka eta maldan gora jarri zaio kanporaketa

Erredakzioa

Super Amara Bera Berak 35-30eko emaitzarekin galdu du Corona Brasoven aurka jokatu duen EHF Kopara sailkatzeko atariko bigarren kanporaketako joaneko neurketa.

  • Bera Bera. Argazkia: EiTB

    Bera Berako jokalariak Brasoven aurkako partidako hutsarte baten. Argazkia: EiTB

Super Amara Bera Berak porrota jaso du Corona Brasoven aurka (35-30) Errumanian jokatu duen EHF Kopara sailkatzeko atariko bigarren kanporaketako joaneko neurketa, eta bost goleko desabantaila irauli beharko du itzuliko partidan.

Indartsu ekin dio neurketari etxeko taldeak, eta hasieratik aurrea hartu du markagailuan (4-1). Bera Bera saiatu da aurkariari ihes egiten ez uzten, baina Corona Brasovek lau goleko abantaila eskuratu du (11-7) partidako lehen ordu laurdena beteta. Orduan etorri da talde gipuzkoarraren erreakzioa; Bera Bera desabantaila murrizten hasi da, eta aurrea hartu du (13-14) neurketako 25. minutuan. Lehen zatiko azken bost minutuetan, ordea, Brasov nagusi izan da, eta gol bateko errentarekin iritsi da atsedenaldira talde errumaniarra (16-15).

Bigarren zatiaren hasieran ere nagusi izan da Errumaniako taldea. Bera Bera aurkariaren erasoko jokaldiak gelditu ezinda ibili da, eta erasoan ere kosta egin zaio golak sartzea. Ondorioz, neurketako 45. minutuan, bost goleko aldea izan du Brasovek (28-23). Geroago, etxeko taldeak sei golera handitu abantaila (31-25, 50. minutuan), eta oso maldan gora jarri zaio neurketa Super Amara Bera Berari. Donostiarrek ezin izan dute aurkaria estutu azken minutuetan, eta galdu egin du 35-30eko emaitzarekin.

Fitxa teknikoa:

35 - Corona Brasov: Hosu, Ciuciulete (4), Buceschi (2), Laslo (4), Neagu (5), Bucur (2) Nolevska, Gomes, Lopataru (1), Pavicevic (7), Gogirla, Popescu, Bazaliu (1), Tirca (9, 3 pen.), Timosenkova

30.- Bera Bera: Castellanos, Etxeberria (4), Fernandes (4), Teres (2), Arderius, Cesareo (4), Gil (3), Arrojería (2), Cardoso (7, 3 pen.), Larrañaga, Pizzo, Menendez, Boada (3), Moreno (1).

Emaitzak bost minutuero: 4-2; 8-5; 11-7; 12-10; 13-14; 16-15 (atsedenaldia); 21-17; 24-20; 28-23; 31-25; 33-29; 35-30.

Epaileak: Jaskins eta Zabko (Lituania). Ciuciulete, Bucur eta Pavicevic Brasoveko jokalariak egotzi dituzte, baita Pizzo, Cesareo eta Arderius Bera Berako jokalariak.